Eibarko EAJ-PNV udal taldeko zinegotziak Udaleko sei sailetako presidente izendatu dituzte
Eibarko PSE eta EAJ-PNVren artean sinatutako gobernu akordioaren ondorioz, EAJko zinegotziek sei sailetako presidente izendatu dituzte. Horrela, Eibarko jeltzaleen presidentzia duten udal sailak hauek dira: Berdintasuna, Euskara, Gazteria, Ego Ibarra, Trafiko eta Mugikortasuna, eta Ingurumena.
Eibarko EAJ-PNV-tik jakinarazi dutenez, azaroaz geroztik, Elena Ibañez Anuncibay Berdintasuneko presidenta da; Jon Perez Illana, Gazteriakoa; Mertxe Garate Larrañaga, Ego Ibarrakoa; Alberto de la Hoz Gorriti, udal taldeko bozeramailea izateaz gain, Trafiko eta Mugikortasun saileko presidentea da; eta Aiora Arrieta Arreitunandiak eta Eva Juez Garmendiak, berriz, Euskara eta Ingurumena sailak eramango dituzte, hurrenez hurren.
Horren harira egindako adierazpenen arabera, Eibarko EAJ-PNV udal taldeko zinegotzientzat arlo hauetan lan egitea, eta ekimenak, neurriak eta proposamenak 2025eko aurrekontuetan islatzea, lehentasuna da”. Horretarako sail bakoitzean beharrezkoak ikusten dituzten aurrekontu-aldaketak aurkeztu dituztela gaineratu dute: “Neurri hauek Gobernu Programan jasota daude, EAJ-PNVk duen hiri eredura egokitzen dira, eta hurrengo egunetan aurkeztuko dira”.