Eibarko EAJ-PNVk solasaldi zikloa antolatu du udaberrirako
Eibarko EAJ-PNVk hitzaldi, solasaldi eta jarduera sorta antolatu du udaberri honetarako. Ekimenaren bidez, alderdiak gertuko topaketak sustatu nahi ditu, gaurkotasun politikoa aztertzeko eta herritarrekin zuzeneko harremana indartzeko.
Pasa den apirilaren 16an, Joseba Diez Antxustegik, Eusko Legebiltzarrean EAJ-PNVko bozeramaile eta koordinatzaile eta Euskadi Buru Batzarreko kideak, hitzaldia eskaini zuen Eibarko Batzokian. Jeltzaleek azaldu dutenez, saioaren helburua izan zen “gertuko giroan gaurkotasun politikoa aztertzea eta alderdikide eta eibartar jarraitzaileekin zuzeneko elkarrizketa espazio bat sortzea”.
Aurrera begira, hainbat hitzordu iragarri dituzte. Datorren maiatzaren 7an, Aitor Estebanek afiliatu eta jarraitzaileei zuzendutako solasaldi bat eskainiko du. Bestalde, maiatzaren 20an, Iñigo Urkullu lehendakari ohiak herritar guztiei irekitako ekitaldi batean parte hartuko du Coliseo antzokian, eta ondoren hamaiketakoa eskainiko da bertan.
Halaber, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren bisita ere aurreikusita dago, nahiz eta oraindik data zehazteke egon.
Eibarko EAJ-PNVk nabarmendu du garrantzitsua dela “eskualdeko, lurraldeko eta herrialde mailako ikuspegiak eta esperientziak herrira hurbiltzea”, eta hitzaldi-ziklo honen bidez gaur egungo errealitate politiko eta sozialaren inguruko gogoeta partekatua sustatu nahi dutela.