Eibarko EH Bilduk 36 zuzenketa aurkeztu dizkio udal-gobernu taldearen aurrekontu-proposamenari
Adierazi dutenez, “oso epe estuak ezarri zaizkigu, baina hala ere, eta gure aldetik ahalegin handia eginez, barixaku goizeko bileran eztabaidatu ahal izateko, gure proposamenak formalki emateko aukera izan genuen bezperan”. Hala ere, bilera horretan ezin izan zuten Bilduren ekarpenik sakon eztabaidatu, “PSEk oraindik ez baitzuen horien irakurketarik egin”. EH Bilduren emendakinak, “ahoz, puntuz puntu” azaldu behar izan zituztela gaineratu dute.
Edozein modutan ere, erantzuna gaur goizerako jasotzea espero zuten, “zerbait erabakitzeko eta Ogasun Batzordeko gai-zerrendan sartzeko epea hilaren 10ean, asteazkenean, amaituko da eta. Gidoia idatzita dagoela iruditzen bazaigu ere, gure proposamenen onarpenaren alde, ahalegin guztia egingo dugu, azken segundura arte”.
Eibarko EH Bilduk udal-gobernuaren aurrekontu proposamenari 36 zuzenketa partzial egin dizkio, eta jarraian dauzkazue garrantzitsuenak, laburbilduta.
- Konpondu beharreko gai nagusienetako bat etxebizitza-politika izango da Bildurentzat. Horrela, alokairuko etxebizitza-parke publikoa sortzea proposatu dute, EH Bilduk horretan lanean urte asko daramatzala gogora ekarrita: "Proposamena oso beharrezko baliabide publikoa da, eta Eibarren errealitate bihurtu arte defendatzen jarraituko dugu".
- Gizarte-politikak planifikatu behar direla argi daukate eta, besteak beste, zainketa-mahaia sortzea proposatu dute, errealitate hori lantzeko eta bakardadearen mapa sortzeko.
- Hezkuntza arloan "arazo ugari" dagoela pentsatzen dute (segregazioa, zein haurreskoletako plaza falta, adibidez). Azaldu dutenez, "urteak daramatzagu arazo horien gainean lupa jartzeko eskatzen, eta konponbidea landuko duen hezkuntza-teknikaria proposatzen".
- Aurrekontuen alde sozioekonomikoari dagokionez, herriko mendebaldea birgaitzeko urratsak ematen hastea eskatzen dute. "Otaola etorbidea eta Torrekua kalea eraldatu beharra dago, erabilerarik ez duen espazioa berrantolatuta", diote.
- Eraldatzea proposatu izan duten beste eremu bat, zezen-plazak eta Guardia Zibilaren kuartelak hartzen dutena da. Horri dagokionez, berdegunea sortzeko partaidetza-prozesu bat sortzea proposatu izan dute azken urteetan. Bilduren iritziz, "espazio hori naturgune bihurtu eta, pertsona guztiek gozatzeko, espazio inklusiboa sortzeko aukera paregabea da, Eibarko hiri-eremuan zuhaitzak jartzeko aukera ematen duen bakanetakoa baita".
- Euskararen sustapenean kultur-programazioan arreta jarrita, eskaintza indartzea eskatzen dute; helduentzako euskarazko eskaintza zabaltzea, eta haur eta gazteentzako euskarazko eskaintzak egungoak baino presentzia handiagoa izatea.
- Aisialdiari lotutako bi bonu sortzea proposatzen dute: Zine-bonoa eta Kirol-bonoa. Lehena, urteko kuota finko baten truke, Coliseoan proiektatutako film guztiak mugarik gabe ikusteko aukera emango lukena. Bigarrena, urteko eta sei hileko bonuez gain, hileko edo 10 eguneko bonuak izateko aukera ematea, beste udalerri batzuetan dagoen bezala.
- Herritarren parte-hartzearen bidez, egun dauden parke eta guneak berritzea proposatzen dute, eta auzo bakoitzak erabilera publikoko bere, gune estalia ere izatea.