Eibarko EH Bilduk "premiazko" azalpenak eskatu ditu Orbea kiroldegiko dutxen itxieragatik
Eibarko EH Bilduk "premiazko" azalpenak eskatu ditu Orbea kiroldegiko dutxen itxieragatik. Orbea Kiroldegiko dutxak itxita daude martxoaren hasieratik, eta egoeraren inguruan azalpenak eskatu ditu koalizioak. Haien arabera, gaia joan den martxoaren 9an egindako zerbitzu batzordean jorratu zuten, baina orduan ez zuten erantzun zehatzik jaso.
Hori dela eta, EH Bilduk berriro eskatu dio formalki udal gobernuari —Eibarko Udalean agintean dauden PSE-EE eta EAJ-PNV alderdiei— Orbea kiroldegiko dutxetako ur-hornidurari eragiten dion arazoaren berri emateko, baita egoeraren larritasun maila zein den argitzeko ere.
Koalizioak zehazki hainbat galderari erantzuteko eskatu du. Batetik, jakin nahi du zein arazok behartu duen dutxak erabat ixtera, eta zein txosten tekniko edo sanitariotan oinarritu den erabakia. Bestetik, gobernu-bozeramaileak komunikabide bateko eztabaidan egindako adierazpenak aipatuta, analisietan zehazki zer maila aztertu diren galdetu du, neurri zuzentzaileak aplikatzeko.
Azkenik, EH Bilduk interes berezia agertu du gaur egun ur-hornidura sisteman zer jarduketa egiten ari diren jakiteko, baita dutxak berme guztiekin berriro irekitzeko aurreikusitako egutegia zein den argitzeko ere.