Eibarko EH Bilduk zinegotzi bi aldatuko ditu
Gaur goizean (astelehena, hilak 31) udaletxean egindako prentsaurrekoan aditzera eman dutenez, gaur arratsaldeko plenoan Eibarko EH Bilduko zinegotzietako bik, Soco Baskaranek eta Begoña Vesgak kargua lagako dute eta euren ordez Igone Lamarain eta Gorka Novoa izango dira zinegotzi berriak aurrerantzean.
Igone Lamarainek Soco Baskaranen tokia hartuko du eta euskara eta kultura arloetan egingo du lan: "Gaurtik aurrera, guk orain dela hiru urte proposatu genuen moduan, euskara eta kultura banatuta, bakoitzak bere aldetik funtzionatuko du. Igone oso ezaguna da bai Eibarko baita Euskal Herriko euskalgintzan. Orain dela gutxira arte …eta kitto! Eibarko euskara elkarteko lehendakaria izan da azken urteetan Euskal Herrian Euskaraz-eko bozeramailea ere izan da. Gaur egun Ikasle Euskaldun Eleaniztunak egitasmoan lanean dihardu, euskara gure ikastetxeetan nola zabaldu aztertzen. Eibarrerako euskaren ordenantza baten beharra azpimarratu du eta 2014ko abenduaren 3rako ordenantza hori martxan egoteko lan egingo du".
Gorka Novoak, bestalde, Begoña Vesgak ogasunari lotutako esparruan egiten zituen lanak hartuko ditu bere gain: "Enpresa zientzietan diplomatua da eta Ekonomia-Enpresan Masterra dauka. Beraz, bere ikasketak medio, ongi ezagutzen du arlo hau eta udal taldean geneukan arlo ahul bat sendotzera dator. Gaur egun Eibarko denda ezagun bateko langilea da eta ekonomiari lotutako ekarpenak ere egingo ditu".
Igor Aldalur taldeko bozeramaileak kargua lagako duten zinegotzi biei egindako beharrarengatik eskerrak eman dizkie: "Hauteskundeak eta gero, orain dela hiru urte sortutako lantaldean, bi zutabe nagusi izan ziren Soco eta Bego. Udaletxe barruko ezagutza, herri mugimenduekiko hurbiltasuna eta batez ere gure herriaren alde lana egiteko konpromisoak emaitzak eman ditu udaleko egunerokotasunean. Asko izan dira elkarrekin pasatako orduak, udal batzordeak prestatzen, dokumentazioa aztertzen, prentsa oharrak idazten… Udaletxe barruko lanaz gain, Soco eta Begok herritarren ondoan egoteko bertutea izan dute, adibidez Errebalgo prozesu guztian edo euskararekin lotutako ekimenetan. Bi zinegotzi eredugarri izan dira eta horregatik eskerrak eman beste aukerarik ez zaigu gelditzen. Jakina, EH Bilduko lantalde eta ekimenetan parte hartzeko ateak zabal zabalik dituzue. Gaurko plenoan beraien zinegotzi karguari uko egingo diote eta bi zinegotzi berriak sartzeko prozedura administratiboari ekingo zaio".
Hala ere, euren hutsunea betetzera sartuko diren zinegotzi berriekin "udal taldea indarberrituko dela" pentsatzen dute: "EH Bilduk azken urteetan Eibarren egin duen lana ongi ezagutzen dute biek. Hasieratik sortu genituen lan talde desberdinetan inplikatu ziren eta azken aldian, batez ere, Eibarrerako 2014-2020 plangintzan beharrean jardun dute eta horrek ikuspegi orokor bat izateko aukera eman die. Beraz, Eibarko arazoak zeintzuk diren eta konponbideak zeintzuk izan daitezkeen badakite".