Eibarko EH Bildurentzat “argi dago Udal Gobernuak aurrekontuak itxita dituela”

Abenduaren 7an Udal Gobernuari aurkeztu zioten aurrekontuetarako akordio politikorako proposamenari ez diote oraindik erantzun.
Eibarko EH Bildurentzat “argi dago Udal Gobernuak aurrekontuak itxita dituela”
2024/12/27 12:16
eta kitto!

Datorren urteari begira Udal Gobernuak egin duen aurrekontu-proposamenaren inguruan idatzia helarazi digute Eibarko EH Bildutik, horren inguruan zer pentsatzen duten adierazten: “Udal Gobernuak aurrekontuak itxita dituela argi dago. Eibarko EH Bilduk abenduaren 7an erregistratu zuen 2025eko aurrekontuetarako Udal Gobernuarentzako akordio politikoaren proposamena. Akordioak lau zutabe ditu: industria eta garapen ekonomikoa, etxebizitza, zaintza eta hezkuntza. Gaur da eguna oraindik erantzunik jaso ez duguna. Eibarko Udal Gobernuak 2025erako proposatutako aurrekontuak abenduaren 20an helarazi zizkigun. Hala ere, zirriborroaren gaineko teknikarien azalpena, sailen azalpena, alegia, urtarrilaren 7an eta 8an izango da, eta emendakinak aurkezteko azken eguna urtarrilaren 8. Hau da, azalpenak emango diren egun berberean emendakinak erregistratu eta aurkeztu beharko ditugu”. 
Aipatutakoaz gain, zirriborroaren inguruan zalantzarik izanez gero emailez galdetzeko adierazi die Udal Gobernuak: “Aurrekontuetako atal asko eta asko zehaztu gabe daudenez, zehaztapenak eskatu zitzaizkien, beraiek azalpen horiek baitauzkate. Eskaera horri ezetza eman zitzaion. Beraz, atal horietako xehetasunak idatziz eskatu beharko dira, horrek dakarren denbora galtze guztiarekin. Horrela daude kontuak: batetik, EH Bilduk abenduaren 7an eginiko proposamenari erantzunik ez zaio eman, eta, bestetik, denbora tarterik ez dago teknikarien azalpenen egun berberean emendakinen erregistroa egin behar delako. Egoera ikusita, EH Bilduk egiten duen irakurketa hauxe da: orain arte jasotakoa eta paktua dela medio,  aurrekontuak  itxita dituztela argi dago, lasai asko daude aurrera aterako dituztelako. EH Bildu Eibarko bigarren indarra dela gogorarazi nahi diegu eta eibartar askoren babesa jaso genuela; beraz,  herritar askoren ahotsa ez dute aintzakotzat hartzen, Eibarko bigarren indarra kontuan hartzen ez dutelako”.