Eibarko emakume baten kontra asteburuan gertatutako sexu-erasoa gaitzetsi du Udalak

Eibarko emakume baten kontra asteburuan gertatutako sexu-erasoa gaitzetsi du Udalak
2022/11/22 eta kitto!
Eibarko emakume batek zapatu goizaldean jasan zuen sexu-erasoaren aurrean, Eibarko Udalak bere gaitzespen irmoa adierazi du, "baita gertatzen den beste edozein sexu-indarkeria motaren aurrean ere".

Erasoa barixakutik zapatura bitartean gertatu zen, erasotzailearen etxean. Gizona emakumearen ugazaba da eta 27 urte dauzka; emakumeak salatu zuenez, gogoz kontra sexu-harremanak izatera behartu zuen. Ertzaintzak goizean atxilotu zuen gizona eta, epailearen aurrean deklaratu ondoren aske laga zuen, karguekin.

Gaitzespenarekin batera, Eibarko Udalak biktimaren babeserako dituen baliabide eta zerbitzuak eskura jartzen dituela adierazi du: "Baliabide horiek Berdintasun Zerbitzuak eskaintzen ditu 943708440 telefonoan edo berdintasuna@eibar.eus helbide elektronikoaren bidez".