Eibarko era askotako eraikinak biltzen dituen Lekuak&Historia webgunea abian da
Webgune honetan dauden eraikinak 3 talde handitan daude banatuta: eraikin industrialak, erlijiosoak eta zibilak. Une honetan, atalik zabalena eta osatuena eraikin industrialena da, Mikel Aparicio arkitekto eibartarrak egindako azterketa sakon baten erakusleiho dena; bertan, 40 industria-eraikin handienen inguruko informazioa dago, eta hurrengo hilabeteetan beste horrenbeste gehituko dira, arkitekto eibartarrak egin zuen lanaren erakusgarri. Ikerketa hartan erabili zuen dokumentazio osoaren oinarria Eibarko Udal Artxiboan aurkitzen diren agirietan dago.
Eraikin erlijiosoen kasuan, Eibarko zazpi eliza eta ermita nagusiak aukeratu dira eta horien informazioa txertatu, informazio historikoarekin eta argazkiekin osatuz; gaiaren inguruko testigantzak ere gehituta. Hemendik denbora gutxira, 2024ko urtarrilean, San Andres elizaren bisita birtuala ere webgune honetan eskegiko da. Eraikin zibiletan, oraingoz, edifizio nagusiak baino ez dira sartu, baina hurrengo hilabeteotan atal hau zabaltzeko asmoa dago.
Webgune hau datu-base erraldoi bat da, biltegi handi bat, eta eraikinak topatzeko modurik bisualena plano-sistema bat da, hau da, Eibarko planoaren (edo planoen) gainean, puntu horiek kokatzeko eta ikusteko aukera izango dugu. Berritasun nagusia da plano hori ez dela bakarra eta ez dela bakarrik gaur egungo mapa bat. Eibarrek gaur egun duen itxura erakusten duen plano estandarrarekin batera, Eibarko Udal Artxiboan dauden beste 4 plano historiko ere txertatu dira sisteman, eta erabiltzaileak aukeratu ahal izango du zein plano erabili nahi duen puntuan bisualizatzeko.
Historiaren geruzak balira bezala, 1885, 1925, 1939 eta 1959ko plano horiei esker ikusi ahalko dugu zelan joan den Eibar hazten eta aldatzen azken 140 urte hauetan.
"Atal hau ez zatekeen posible izango hainbat udal sailen arteko elkarlana (Ego Ibarra, Udal Artxiboa, Itzulpen Zerbitzua, Informatika eta Hirigintza), Badihardugu elkarteak bildutako eibartar askoren bizitza- eta lan-lekukotasunak (Eibartarren Ahotan eta Euskal Herriko Ahotsak proiektuak), Codesyntax enpresaren garapen teknikoa, Eibarko argazkilari handiek herriaren esku utzitako lana (Castrillo-Ortuoste, Plazaola…) eta beste eragile askok emandako laguntza tartean egon izan ez balira", adierazi dute Ego Ibarratik.