Eibarko Ernaik gazteak martxoaren 17ko Greba Orokorra prestatzera deitu ditu
Martxoaren 17an Greba Orokorra dago deituta Hego Euskal Herrian. Testuinguru horretan, Eibarko Ernai gazte antolakundeak jakinarazi du gazteek ere mobilizazioan parte hartuko dutela, beren bizi- eta lan-baldintzen alde eta herriaren etorkizuna erabakitzeko eskubidearen alde. “LGSa hemen erabaki. Hemen lan egin, Euskal Herrian erabaki” da zabaldu duten leloa.
Greba Orokorrari begira, Eibarko gazteak antolatzen hasteko bi hitzordu iragarri dituzte. Lehenengoa otsailaren 27an izango da, 18:00etan, informazio-komite moduan; bigarrena, berriz, martxoaren 6an, ordu berean, greba-egunari forma emateko komitea izango da. Bi bilerak Kultu tabernako lehen solairuan egingo dira.
Ernaik gazteei dei egin die borrokan bat egitera eta martxoaren 17ko Greba Orokorra indartsu prestatzera.