Eibarko Eskola Kirolak 2026-2027 ikasturterako eskaintza jakitera eman du
Eibarko Eskola Kirolak 2026-2027 ikasturterako eskaintzaren berri eman du. Helburua argia da: haurrek kirola euskaraz, lagunartean eta modu aktiboan bizitzea, lehia hutsetik harago doan esperientzia baten bidez.
Aurreko astean Eskola Kiroleko koordinatzaileek esan ziguten bezala, datorren ikasturtean hiru programa nagusi eskainiko dituzte, adin eta behar ezberdinetara egokituta: Jolas Hezi, Multikirol eta EKE programa inklusiboa.
LH1 eta LH2ko ikasleei zuzenduta dagoen Jolas Hezi egitasmoak jolasa izango du ardatz. Antolatzaileek azaldu dutenez, helburua ez da lehiatzea, baizik eta haurrek mugimenduarekin eta talde dinamikeekin gozatzen ikastea. Saioak hainbat ikastetxetan banatuko dira astean zehar: Amaña, La Salle, Aldatze, San Andres, Urkizu, A.A. Mari eta J.A. Mogel ikastetxeetan.
Multikirol programa LH3tik LH6ra bitarteko ikasleentzat izango da. Kasu honetan, haurrek kirol eta jarduera fisiko ugari ezagutzeko aukera izango dute, espezializazio goiztiarra saihestu eta garapen integrala sustatzeko helburuarekin. Egitasmoak, gainera, beste ikastetxe batzuetako haurrek elkar ezagutzea eta euskaraz kirolaz gozatzea ere bilatzen du. Gainera, aurten izan dituzten ordutegiei eusten saiatuko dira.
Bestalde, EKE programa edo Eskola Kirol Inklusiboa aniztasun funtzionala duten haurrei zuzenduta dago. Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 6. mailara arteko haurrek parte hartu ahal izango dute, jarduerak pertsona bakoitzaren beharretara egokituta. Saioak astelehenetan egingo dituzte Ipurua kiroldegiko igerilekuan eta ostiraletan Astelena frontoian.
Eskola Kiroletik aurreratu dutenez, familiek ekainaren hasieran jasoko dute informazio zehatzagoa eta une horretan zabalduko dute izena emateko epea. Informazio gehiago nahi dutenek www.eibareskolakirola.eus webgunea kontsulta dezakete edo 663 006 183 telefonora deitu.