Eibarko euskalgintzak dei egin du Kontseiluak biharko antolatu duen Pizkundea ekitaldira joateko

Ekitaldia Bilbao Arenan (Miribillan) egingo da 17:00etatik aurrera
Eibarko euskalgintzak dei egin du Kontseiluak biharko antolatu duen Pizkundea ekitaldira joateko
2025/12/26 08:59
eta kitto!

Eibarko euskalgintza osatzen duten taldeek dei egin dute bihar, abenduak 27, Kontseiluak deituta Bilbon egingo den Pizkundea ekitaldira joateko. Jarraian duzue idatzi duten oharra.

"Abenduaren 27an, denok Bilbora!
Euskararen Nazioarteko eguna pasa eta egun gutxira idazten ditugu hitz hauek, hain zuzen ere, aldarrikatzeko Euskararen Eguna urteko 365 egunetan dela. Azken datuen arabera, euskararen presentzia ahultzen ari da kalean (Eibarren %13koa), eskoletan, pantailetan... eta ezer egin ezean, datozen urteetan atzeraldian sartzeko arriskuan geundeke.
Egia da azken hamarkadetan zehar egindako ahaleginari esker, euskararen biziberritze prozesuak aurrerapen handiak izan dituela, baina ofizialtasunaren ukazioak, euskararen kontrako oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoak, globalizazioaren eragin homogeneizatzaileak, bizitzaren digitalizazioak eta bestelako erronka berriek euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan jarri gaituzte.
Eta horren aurrean zer? Alde batetik, hizkuntza-politiketan jauzi sendo bat ematea eskatzen dugu. Erakundeek erabaki ausartak hartu behar dituzte, eta euskara normal erabili ahal izateko baldintzak bermatu behar dizkigute herritar guztioi. Bestetik, euskalzaleen batasuna, bulkada, eta ekimena ezinbestekoak izango dira, euskararen aurkako erasoak gelditzeko eta dagoen kinka larritik ateratzeko.
Horregatik guztiagatik, bihar, abenduak 27, Kontseiluak deitutako ekitaldira joateko gonbidapena egiten dizuegu eibartar guztioi. Euskara guztion ardura da eta.
Euskararen etorkizuna jokoan dago! Euskalzaleon garaia da!
Sarrerak eskuratzeko: www.pizkundea.eus"
Eibarko Euskalgintza