Eibarko euskara plana diseinatzeko lan-mahaian parte hartzeko deia egin du Eibarren Akebai plataformak

Lehen saio irekia martitzenean, irailaren 22an egingo da, 18:00etan Markeskuan.
Eibarko euskara plana diseinatzeko lan-mahaian parte hartzeko deia egin du Eibarren Akebai plataformak
2026/09/16 11:11
Silbia Hernandez Arrazola

2016-2025 urteetako Euskararen Plan Estrategikoak egin du bere bidea eta, ebaluazio prozesua eginda, datozen hamar urteetarako Plan Estrategiko berria egiteko ordua da. Gauzak horrela, 2026-2035 aldirako Plan Estrategikoa prestatzen hasteko, gogoeta lan-mahai irekiak antolatu ditu Eibarren Akebai plataformak. Hiru egunetan, irailaren 22an eta urriaren 6an eta 20an egingo dira saioak, eta parte hartzera deitu dituzte herritarrak. 

Azaldu dutenez, “bixarko euskera, euskararen aldeko biharra, euskararen beharra biharko Eibarren... hiru adiera horiek batuta egingo dira Akebai-k deitu dituen Euskararen biharra izenburuko gogoeta saioak. Arratsaldeko 18:00etan izango dira hirurak, Markeskuan, eta ordu eta erdi iraungo du bakoitzak”. 

Saio bakoitzean landuko diren gaiak zehaztu dituzte antolatzaileek: “Lehen saioan, aurreko planaren balorazioa oinarri hartuta elkar-jartze bat egingo dugu. Bigarren saioan, AROAren aurkezpena egingo da, hurrengo planak izango duen egitura ezagutu, eta lehentasunen inguruan hausnartzeko. Eta, hirugarren saioan, diagnostikoan jaso diren indargune, zer-hobetu eta ekarpenak kontuan hartuta, lan-ildoen eta antolaketaren inguruan arituko gara”. Ahize-AEK-k dinamizatuko ditu saio parte-hartzaileak eta, antolaketa egokia errazte aldera, esteka honetan eman daiteke izena. 

2025eko udazkenean egin zen azken hamar urteetan indarrean egon den Euskararen Plan Estrategikoaren balorazio eta diagnostiko prozesua, eta emaitzen-txostena ere ikusgai dago. Plan estrategiko hori ESEP (Euskara sustatzeko ekintza plana) markoan oinarrituta sortu zen, eta azken hamarkadan Eibarren euskararen sustapen eta normalizazioarako egin diren ekintza, ekimen eta proiektuen oinarrietako bat izan da.