Eibarko Futbol Eskolan izena emateko epea zabalik dago irailaren 9ra arte
2014 eta 2016 urteen artean jaiotako mutilek eta 2013 eta 2016 urteen artean jaiotako neskek eman dezakete izena SD Eibar Fundazioaren Futbol Eskolan. Epea herenegun zabaldu zuten eta izen-ematea irailaren 9ra arte egongo da zabalik.
Urtetik urtera neskek Futbol Eskolan duten presentzia handitzen ari da, inskripzio guztien %25 osatzen baitute, hau da, 2020-2021 denboraldiko datuekin alderatuta, %50 igo da. Futbol Eskolan izena emateko nahitaezkoa da Eibarren edo Futbol Eskolarik ez duen Gipuzkoako beste udalerri batean erroldatuta egotea; era berean, beharrezkoa da Gipuzkoako Mutikirolan izena emanda egotea (Eskola Kirola).
Urteko kuota 288 €-koa da, eta 144 €-ko bi kuotatan ordainduko da denboraldian zehar (lehenengoa 2024ko urrian eta bigarrena 2025eko otsailean). Futbol Eskolan izena emandako ahizpa edo anaia bat dutenek % 50eko deskontua izango dute bigarren neba-arrebaren kuotarekiko. Kuota horretan entrenamendurako ekipazio osoa (galtzak, kamiseta eta galtzerdiak), partidurako ekipazio osoa (galtzak, kamiseta eta galtzerdiak), jertse bat eta kirol-poltsa bat sartzen dira.
SD Eibarko Futbol Eskola futbol eskola baino askoz gehiago da. Gainera, alderdi sozial eta hezitzaile garrantzitsua duen proiektua da, giza balioetan oinarritutako hezkuntzan oinarritua. Emakumezkoen Futbol Eskola Alaitz Seoanek koordinatzen du eta gizonezkoena Gorka Amutxastegik.
Entrenamendu saio guztiak Ipuruako Anexo Zelaian izango dira, honako ordutegiei jarraituz:
- 2014an jaiotako mutilak: astelehenetan, 17:15etik 18:30era
- 2015ean jaiotako mutilak: martitzenetan, 17:15etik 18:30era
- 2016 jaiotako mutilak: eguaztenetan, 17:15etik 18:30era
- 2013tik 2016ra jaiotako neska guztiak: eguenetan, 17:15etik 18:30era