Eibarko Gaztetxearen desalojoa salatu dute hamarnaka herritarrek
Ertzaintzak Eibarko Gaztetxea hustu du gaur goizean, Txontako urbanizazio-proiektuari lotutako operatibo batean. Eibarko Gazte Asanbladak salatu du desalojoa “inolako aurreabisurik eta kaleratze agindurik gabe” egin dela, eta arratsaldean dozenaka herritar mobilizatu dira gaztetxearen alde.
Goizeko 11:00ak aldera joan dira Ertzaintzaren hainbat patruila Iparragirre kalera, Eibarko epaitegiak agindutako hustuketa egitera. Operatiboan Amenabar enpresako ordezkariak ere izan dira. Gaztetxearen ingurua itxita mantendu dute hainbat ertzainek, eta ez diete bertatik pasatzen utzi ez gaztetxeko kideei, ez inguruko bizilagunei ere. Une batean, lau laguni barrura sartzeko baimena eman diete materiala ateratzeko.
Gazte Asanbladaren abokatuaren arabera, desalojo agindua erakustea eskatu dute behin eta berriz, baina ukatu egin diete. Haren esanetan, prozedura judizialaren zenbakia baino ez dute lortu, espedientea aztertu ahal izateko. Epaitegiko langileek aurrez jakinarazpenak egin direla adierazi dieten arren, gaztetxeko kideek diote ez dutela inoiz halakorik jaso.
Operatiboak iraun duen bitartean, gaztetxearen sarreretako bat adreiluz ixten hasi dira. Gainera, poliziak lau pertsona identifikatu ditu inguruan, eta horietako bati isuna jarri diote.
Arratsaldean, desalojoa salatzeko manifestazioa egin dute herrian. Untzaga plazatik abiatu eta gaztetxeraino joan dira hamarnaka gazte eta herritar. Mobilizazioan hainbat aldarri entzun dira, tartean “Herri bat, gaztetxe bat!”, “Gaztetxeak defendatu!” eta “Okupazioa delitua bada, gora delinkuentzia!”.
Manifestazioaren amaieran, Gazte Asanbladako ordezkari batek adierazi du gaztetxeak “gazteek euren interesak defendatzeko eta antolatzeko espazio bat” izaten jarraituko duela, eta borrokan segitzeko asmoa berretsi dute: “Argi dugu: Eibarko Gaztetxeak aurrera jarraitzen du”.