Eibarko gerrako umeendako deia

Eibarko gerrako umeendako deia
2012/01/24 00:00
eta kitto!


Udaleko Ego Ibarra batzordeak gerra sasoian herrittik ebakuatu zituzten Eibarko umeen zerrenda osatu nahi du eta, horretarako, herritarren laguntza eskatu dute. Ego Ibarratik azaldu digutenez, "gerra denboran (1936-1939) ume mordoa atzerrira (Frantzia, Errusia, Belgika, Inglaterra...) eraman zituzten, gatazkatik aldendu nahian. Umeak kanpora bidaltzen 1936an bertan hasi baziren ere, agintariek antolatutako espedizio ofizialak 1937an hasi ziren egiten eta handik urte batzuetara umeetako batzuk bueltatu ziren arren, beste batzuk betiko erbesteratu ziren". Historiaren pasarte hori ez ahazteko, kanpora eramandako umeen zerrenda osatu nahi dute eta, horretarako, Enara García Martínez ikerlaria hartu dute. Honezkero 130 bat umeren behin-behineko zerrenda osatu dute baina, zerrenda ahalik eta osotuena izateko, Ego Ibarrak deia luzatu nahi die Eibarren gerrako ume izandakoei, haren familia eta gertukoei, baita gertakari horrekin lotutako argazki edo dokumenturen bat dakenei, "hartara, artxiboak eta liburuak ematen duten informazioa ahozko testigantza bidez osatzeko". Ikerlariarekin harremanetan ipintzeko Ego Ibarra batzordearen bulegora jo daiteke zuzenean (udaletxean, 2. pisuan), telefonoz deitu (943 70 84 23 zenbakira, atzerritik 034 943 84 23) edo e-maila idatzi egoibarra2@eibar.net edo egoibarra@eibar.net helbideetara.