Eibarko Greba Batzordeak egun osorako ekitaldiak antolatu ditu

Eibarko Greba Batzordeak egun osorako ekitaldiak antolatu ditu
2023/11/29 11:11
eta kitto!
Zaintza eskubide kolektiboaren alde, biharko Greba Feminista Orokorra dago deituta Euskal Herri osoan, baita Eibarren ere. Asteak daramatzate grebaren inguruko lanketa egiten, eta Eibarko Greba Batzordeak biharko egun osorako egitaraua antolatu du. Nabarmendu dutenez, “lanuzte bat baino gehiago izango da. Ehun produktibotzat hartzen dena gelditzea ez ezik, zaintza esparru osoa problematizatzea eta berrantolatzea ere izango du helburu grebak”. Jakin badakite greba egun bakarrarekin ezin dela helburu hori lortu. Horregatik, maila nazionalean zaintzaren inguruan herri akordio bat egiteko proposamena mahai gainean dagoela azpimarratu nahi dute: “Eibar mailan ere beharrezkoa ikusten dugu tokiko herri akordio bat sortzea. Benetan herri zaintzaile bat izan gaitezen, eta bestelako zaintza eredu baterantz trantsizio bat egiteko pausuak emateko”.

Bihar Eibarren San Andres eguna izateak eguneko jarduna baldintzatuko duela ere badakite: “Euskal Herri mailako greba bat denez, ezin dugu eguna aldatu. Jakin badakigu gatazkatsua dela eta albo kalte batzuk ekarriko dituela Eibarren greba eguna San Andres egunean izateak, eta zaintza ardurak dituztenei ere zuzenean eragiten diela”. Hala ere, biharko mobilizazioetan parte hartzera deitu nahi dituzte herritar guztiak.