Eibarko Hiria 37. Xake Txapelketa jokatuko da zapatu arratsaldean

Eibarko Hiria 37. Xake Txapelketa jokatuko da zapatu arratsaldean
2023/06/28 11:12
eta kitto!
Zapatuan arratsaldeko 16:30etik aurrera jokatuko da Untzaga plazan Klub Deportiboak antolatzen duen Jose Mari Kruzetaren omenezko Eibarko Hiria Xake Txapelketa, bere 37. edizioan. Euskal Herri guztiko 18 taldek hartuko dute parte, arratsalde guztian zehar, 5 minutu iraungo dituzten partidaetan. Partida azkarreko modalitate hori xakeak duen bizi eta ikusgarriena da, minutu gutxiren buruan amaitu behar izaten baitute partida jokalariek. Untzagan izango dira zapatuan Donostiako Gros Xake Taldea eta Errenteriako Fomento Cultural azken edizioetako txapeldunak eta, eurekin batera, baita Arrasate, Hondarribia, Beasain edo Gasteizko taldeak ere, beste batzuen artean. Partidak Untzaga plazan jokatuko dira, horrela Klub Deportiboak jorratzen duen xakea kalera ateratzeko helburua betez. Eguraldiak lagunduko ez balu, partidak Udaletxearen arkupean jokatuko dira.