Eibarko Hiria 40. Xake Txapelketa jokatuko da larunbatean

Euskal Herriko 20 talde arituko dira lehian Untzaga plazan
Eibarko Hiria 40. Xake Txapelketa jokatuko da larunbatean
2026/07/01 10:02
Ekhi Belar Errasti

Larunbatean, uztailak 4, 16:30etik aurrera, Jose Mari Kruzetaren omenezko Eibarko Hiria 40. Xake Txapelketa jokatuko da Untzaga plazan, Eibarko Klub Deportiboak antolatuta. Eguraldiak lagunduko ez balu, partidak udaletxearen arkupeetan jokatuko lirateke.

Euskal Herriko 20 talde ibiliko dira lehian eta bost minutuko partidak jokatuko dituzte arratsalde osoan zehar. “Partida modalitate hau xakeak duen bizi eta ikusgarriena da, minutu gutxiren buruan bukatu behar izaten baitute partida jokalariek”, Deporrekoen berbetan.

Azken edizioetan txapeldunak izan diren Donostiko Gros Xake Taldea eta Errenteriako Fomento Cultural egongo dira larunbatean Untzagan, eta baita Arrasate, Hondarribia, Beasain eta Portugaleteko taldeak ere, besteak beste. Gainera, iaz bezala, aurten ere emakumeez osatutako talde bat etorriko da Azkoititik.