Eibarko historia eta ondarea ezagutzeko bisita gidatuak eskainiko dituzte udan
Eibarko Udalak, Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailaren bitartez eta Debegesa eskualdeko garapen-agentziarekin lankidetzan, bisita gidatuak antolatu ditu udarako, “herriko eskaintza turistikoa ezagutarazteko eta haren elementu erakargarriak eta historia balioan jartzeko”. Bisita hauetan ibilaldi bat egingo da herriko erdigunean zehar, eta Nerea Alustiza historialari eibartarrak herriaren historiari eta ondare industrialari buruzko azalpenak emango ditu. San Andres parrokiako plazan hasi eta Estaziño kalean amaituko dira.
Saioek ordu eta erdiko iraupena izango dute. Ostegunetan, abuztuaren 1ean, 8an, 22an eta 29an, 18:30etik 20:00etara egingo dira; eta igandeetan, abuztuaren 24an eta irailaren 1ean, 11:30etik 13:00etara. Parte-hartzea doakoa da eta interesa dutenek 10 minutu lehenago egon beharko dute San Andres elizaren ate nagusian. Plazak mugatuak dira.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, ibilaldietan Eibarrek Gerra Zibilean izan zuen aldaketa gogorra eta ondoren gertatu zen susperraldia kontatuko da, eta erreferentzia egingo zaie herriko enpresa enblematiko batzuei, hala nola El Casco, Lazpiur, Aurrera edo BH.