‘Eibarko Industrien Ekosarea’ programaren bigarren edizioa abiatu du Udalak

Interesa duten enpresek otsailaren 6ra arteko epea daukate izena emateko, eta ingurumen- eta energia-arloko doako aholkularitza-zerbitzuak jasoko dituzte.
‘Eibarko Industrien Ekosarea’ programaren bigarren edizioa abiatu du Udalak
2026/01/14 12:24
Silbia Hernandez Arrazola

Eibarko Udalak, Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailaren bitartez, Eibarko Industrien Ekosarea programa abiarazi du bigarrenez, eta horren aurkezpena egin dute gaur goizean Jon Iraola alkateak, Vanesa Hortas Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza zinegotziak eta programa kudeatuko duen Ondoan enpresako Aitziber Garamendik. Azaldu dutenez, programak herriko industria-enpresen jasangarritasuna eta lehiakortasuna bultzatuko du, ingurumen- eta energia-neurriak ezarriz. Instalazioen ingeniaritzan, mantentze-lanetan, energian eta ingurumenean espezializatuta dagoen Ondoan enpresak gestionatuko du programa, eta parte hartzen duten enpresei ingurumen- eta energia-aholkularitzako zerbitzuak emango dizkie, doan. 
Eibarko Industrien Ekosarea egoitza soziala Eibarren duten eta jasangarritasunarekin konprometituta dauden industria-enpresei zuzenduta dago, eta udalerriko industria-sarearen lehiakortasuna handitzea du helburu, enpresen energiaren eta ingurumenaren arloko jarduna hobetuz. 
Helburu horiek lortzeko, programak lau zerbitzu eskaintzen ditu, doan, “gaur egun industria-enpresek energiaren eta ingurumenaren arloan dituzten erronka nagusiei erantzuteko”. Aurkezpenean adierazi dutenez, “horretarako, diziplina anitzeko talde tekniko aditu bat jartzen du haien eskura, hobekuntza-prozesuaren fase guztiak modu pertsonalizatuan lagunduz eta bakoitzaren abiapuntura eta egungo beharretara egokituz. Horrekin batera, industria-sarea prestatzeko eta sentsibilizatzeko guneak gaituko dira, esperientzia-trukea eta ikaskuntza partekatua sustatzeko eta errazteko”.
Programan parte hartzen duten enpresek lau zerbitzu eskatu ahalko dituztela adierazi dute: “Programak aztertzen duen lehen arloa legediarekin lotuta dago. Ingurumen Diagnostikoa egitea erabakitzen duten enpresek aplikatu beharreko legeria zenbateraino betetzen duten ebaluatu ahal izango dute, eta laguntza jasoko dute egokitzapen-plana definitzeko eta ezartzeko. Bigarren arloa Karbono Aztarnaren Murrizketarekin dago lotuta. Laguntza eskainiko da CO₂ emisioak kalkulatzeko, MITECOn erregistratzeko eta Deskarbonizazio Plana eguneratu/egin eta gauzatzeko. Hirugarren arloa Energia Eraginkortasunarena da. Energia-kontsumoak aztertu, aurrezteko aukerak identifikatu eta energia berriztagarriak integratzearen bideragarritasuna ebaluatuko da, energia-faktura murrizte aldera. Eta, azkenik, laugarren zerbitzuak Inbertsio Berdearen arloko aukerak bilatuko ditu. Horrela, enpresek dirulaguntzak, kenkari fiskalak eta Energia Aurrezkiaren Ziurtagiriak (EAE) eskuratu ahal izango dituzte”. Ondoan enpresak laguntza emango du dokumentazio teknikoa eta administratiboa idazteko, betetzeko eta izapidetzeko, bai eta finantzatu beharreko inbertsioa exekutatzen den bitartean laguntza teknikoa emateko eta jarraipena egiteko ere. 
Ekimenean parte hartzeko izen-ematea zabalik dago, otsailaren 6ra arte. Bestetik, parte hartzeko interesa duten enpresek urtarrilaren 23an egingo den on-line saioan jaso ahalko dute informazio zehatzagoa. Informazio gehiago nahi izanez gero, www.eibarkoindustrienekosarea.eus programaren orria kontsultatu daiteke, edo zuzenean harremanetan ipini Ondoan enpresarekin (943 771 587; ekosarea@ondoan.com).