Eibarko kaleetako garbiketa indartzeko 204.560 euroko gastu berezia onartu du Udalak

Eibarko kaleetako garbiketa indartzeko 204.560 euroko gastu berezia onartu du Udalak
2022/09/15 13:21
eta kitto!
Gaur goizean eman duten prentsaurrekoan, Alberto Albisteguik, Pedro Escribanok eta Ana Telleriak, Debabarreneko Mankomunitatean Eibarko Udalak dituen ordezkari sozialistek kale-garbiketa zerbitzua indartzeko proposamen teknikoa aurkeztu dute. Esan dutenez, Udalak azterlan bat egin du aparteko lanak egiteko, “herritarrek eta guk geuk ere uste baitugu Mankomunitateak ematen duen zerbitzua ez dela nahikoa gure kaleak garbi edukitzeko”.

Albisteguik azaldu duenez, Debabarreneko Mankomunitateko Batzar Nagusiak uztailaren 20an egindako ohiko bilkuran erabaki zuen Eibarko kaleak garbitzeko zerbitzua indartzeko proposamen teknikoa eta errefortzu horren kuota gehigarria onartzea: “Plan hau guk eskatuta egin du Mankomunitateak, izan ere denbora asko daramagu eskatzen, eta ez bakarrik publikoki, Mankomunitateko presidenteak bidegabeki aurpegiratu zigun bezala, baizik eta, batez ere, Gerentziarekin izandako koordinazio-bilera ugarietan eta erakundearen beraren organoko bileretan ere”.

Mankomunitateko ordezkari hauen berbetan, herria zikina dagoela eta, herritarrak kexatu egiten dira: “Sentsazio hori gero eta jende gehiagok du, eta guk, haien ordezkari garen aldetik eta Udalaren interesen defendatzaile, herritarren pertzepzioa partekatzen dugu. Hori dela eta, Mankomunitateari gai hori konpontzeko plan espezifiko bat egin zezala eskatzeko erabakia hartu genuen. Eta hau ez da inolako alderdi politikori egindako erasoa. 2018an jada egin genuen, PSE-EEko zinegotzi bat Mankomunitateko buru zenean, eta errefortzu-plan bat jarri zen martxan, zerbitzuan langile gehiago eta makineria gehiago integratuz, errefortzu bat, pandemia hasi arte bere fruituak eman zituena.  Baina, zoritxarrez, azken 2 urte eta erdi hauetan, inpotentziaz eta kezka handiz ikusi dugu garbiketaren gestioak okerrera egin duela. Sentsazioa da kaleak zikinagoak daudela eta, besteak beste, kexak ere baditugu makina batzuen zarata dela eta. Ezin ginen ezer egin gabe geratu egoera honen aurrean, eta egin behar genuena egin dugu”.

Mankomunitateko Batzar Nagusiko, Gobernu Batzordeko eta Administrazio Kontseiluko kidea den Escribanok zehaztu ditu  errefortzu-planean jasotako jarduerak: “2021aren hasieran, Eibarko Udaletik kale-garbiketaren arloan udalerrian ematen dituen zerbitzuei buruzko azterlan bat eskatu genion Mankomunitateari, Udala ez baitzegoen pozik eskainitako zerbitzuarekin”. Argitu duenez, herritarren kexa gehienak kaleetan inkrustatuta geratzen den zikinkeriak eragiten ditu.

Azterketa horrek ondorioztatu zuenez, Eibarrek mekanizazio defizita zuen, kontuan hartzen bada Eibar dela biztanle gehien dituen udalerria, eta bigarrena, berriz, populazio-dentsitateari dagokionez. Txostenaren beste puntu batek agerian lagatzen duenez, ekorketa mekanikoa eskuz egindakoa baino eraginkorragoa da.

Gauzak horrela, Mankomunitateak hainbat jarduera planteatu zituen: berehalako jarduketak, hilabete honetan bertan ezarri eta 2023ko abuztura arte luzatuko den indartze-planean jasotakoak, eta epe ertain-luzera gauzatuko direnak eta beste jarduera-ildo paralelo batzuk ezartzen dituztenak.

Hala, honako jarduerak berehala martxan jartzea eskatu du Udalak:

  • Ura eskuz erabiltzea ureztatze-ahoetatik.

  • Bi ekipo hidrogarbitzaile (bi ibilgailu eta 2 langile) edukitzea behin-behinean (urte 1). Eibarrek urtean 221 egunez beretzat bakarrik izango ditu ekipo horiek, asteazkenetik igandera.

  • Baliabide materialak berrantolatzea

  • Lirdinga garbitzeko produktu berriak erabiltzea


Escribanoren berbetan, “lan horiekin espero da garbiketa orokorraren eta erremateen pertzepzioa hobetzea eta,  eskuzko ekorketa batere murriztu gabe. Are gehiago, ibilbide berriak egin ahal izango ditugu garbiketarako, esaterako, parke eta gune jendetsuetakoak eta herritar askok topo egiten duen tokietakoak”. Mankomunitateak, gainera, berrantolaketa bat egingo du makineriari dagokionez, eta, horrela, Udalak eskatu bezala, udalerriko bide-garbiketako zerbitzuaren mekanizazio progresibo eta eguneratuaren aldeko apustua egingo du.

Amaitu aurretik, Ana Telleria Ogasuneko zinegotziak plan honek Eibarko Udalarentzat izango duen kostua zehaztu du. Eibarko urteko kuota 1.663.667 eurokoa da, eta 12 hilekotan banatzen da, bakoitza 138.638 eurokoa. Errefortzu-plan hau ezartzeak 204.560 euroko kuota gehigarria dakarkie udal-kutxei, eta 17.046 euroko hileko kuotetan ordainduko dira, irailean abian jartzen denetik 2023ko abuztura arte.