Eibarren kanpoko igerilekuak ekainaren 8an irekiko dira
2026/05/27
13:17
Irati Alvarez Malaxetxebarria
Eibarko Udalak jakinarazi du kanpoko igerilekuak eta Txaltxazelaiko ur-txorroak ekainaren 8an jarriko direla martxan, eta udako denboraldia irailaren 13ra arte luzatuko dela. Instalazioek, beraz, udako hilabeteetan aisialdirako eta freskatzeko gune nagusietako bat eskainiko dute herrian. Instalazioak udarako prest egoteko lanak azken fasean daude.
Ordutegi zabalagoa udan
Udal instalazioek ordutegi berezia izango dute uda garaian. Ekainean eta uztailean, igerilekuak 10:30etik 20:30era egongo dira zabalik. Abuztuan, ordutegia zertxobait murriztuko da (10:30etik 20:00etara), eta irailean 19:00etan itxiko dituzte.
Horrez gain, aurten berriz ere taberna-zerbitzua eskainiko dela adierazi du Udalak.