Eibarko Klub Deportibo eta Morkaiko Mendizale Elkarteko 21 lagun Pirinioetan ibili dira udan

Hiru eguneko txangoa egin zuten uztailean Aran eta Luchon bailarak zeharkatzeko
2025/09/02 17:09
eta kitto!

Uztailaren 25etik 27ra Eibarko Klub Depotiboak eta Morkaiko Mendizale Elkarteak antolatutako mendi irteeran 21 mendizale elkartu ziren Pirinioak helburu. Bertan, Aran eta Luchon bailarak zeharkatu zituzten giro bikainarekin. “Eguraldi aldetik, oso tenperatura aproposa mendian ibiltzeko”, esan digute Deporrekoek.

Uztaileko 25eko etapan Porthilon - Tuc dera Escaleta eta Benasqueko aterpearen arteko ibilbidea egin zuten, 16 km-ko luzeera eta 1.620 metroko igoera metatuarekin. Luchon bailaran sartuta, Madaleta mendizerraren paisaia ikusteko aukera eman zuen jarduera horrek. Lo Benasqueko aterpean egin zuten, Boumseco lau lakuen artean.

Hurrengo egunean, Benasqueko aterpetik Maupaseeko aterpera jo zuten, 12,6 kmo ibilaldia eginez 1.620 metroko igoera metatuarekin). Glereko zirkua, Bouneu harana eta Charles, Celinda edo Bleu lakuak ikusteko aukera izan zuten.

Azkenengo egunean, Maupaseko aterpetik abiatuta, Pic de Maupas (3.109 m) - Valée de Lys zeharkaldia egin zuten. Maupas mendia, 3.109 metrokoa, txangoaren tontor altuena izan zen eta talde osoak lortu zuen goraino igotzea.

Hiru eguneko txango horrekin, “oso aho-zapore onarekin” bukatu zuten Deporreko mendi taldearen egutegiaren lehen zatia eta, orain, hilaren 27an itzuliko dira jardunera Berastegi, Erroizpe (804 m) eta Lizartza artean egingo duten ibilaldiarekin.

 

Bide garbiketa eta markaketa

2024 egin bezala, Eibarko Udalarekin hitzarmena sinatu du Eibarko Klub Deportiboak eta inguruko mendietako bideak garbitzeko konpromisoa hartu du klubak.

Hori horrela, udan Eibar inguruko hainbat bide garbitu dituzte: Urkorako igoera, Urkoko “barrankoko” pasabidea, Illordo, Topinburu eta Galdaramiñorako igoerak, eta abar.

Garbitu diren bideen artean, aspaldi itxita zeuden bi nabarmendu nahi dituzte: Pagola Txabolatik Akondiako leporakoa (burdibidea izandakoa) eta Altamiratik Galdaramiñora (Unbe izeneko mugarrira) doana.

Gainera oraingoan, Gipuzkoako Mendizale Federazioarekin batera, bideetan posteak eta seinaleak jarri dituzte bideok nora joateko diren azaltzeko.