Eibarko Klub Deportiboak Eibarko Udalaren merezimendurik handiena jaso du, ehun urteko historian egindako lan handia eskertzeko

Bere sorreraren mendeurrenarekin bat, Eibarko Klub Deportiboak Txopitea eta Pakea saria jaso du Eibarko Udalaren eskutik. Iñaki Osoro Deportiboko presidenteak eta Aresatz Usobiaga presidenteordeak jaso zuten Jorge Oteizaren eskultura enblematikoaren erreplika, udaletxeko udalbatza aretoak hartu zuen ekitaldian.
2024/12/18 08:29
eta kitto!

Jon Iraola alkateak saria emateko ekitaldian nabarmendu zuenez, "kirolaren bidez, Deportiboak nazio mailako eta nazioarteko esparrura eraman baitu herriaren izena. 1924an sortua, Eibarko Klub Deportiboak funtsezko zeregina bete du hainbat diziplinaren sustapenean, hala nola atletismoan, euskal pilotan, mendizaletasunean, espeleologian edo xakean; eta identitate kolektibo bat bultzatu du, esfortzuan, superazioan eta parte-hartze komunitarioan oinarritua. Bere lanari esker, kirol-sare zabala sortu da, eta Eibarko balioak herriaren mugetatik haratago proiektatu dira. Deporra klub bat baino gehiago da; instituzio bat da, gure herriaren nortasuna sinbolizatzen duena. Sari hau merezitako aitortza bat da, elkartearen 100 urteko historiagatik eta Eibarko enbaxadore ezin hobea izateagatik".