Eibarko Klub Deportiboak Ohiko eta Ez Ohiko Batzar Orokorrak egingo ditu martxoaren 26an

Ohiko Batzarrean iazkoari errepasoa egin eta 2026ko ekintzak azalduko dituzte; eta Ez Ohikoan zuzendaritza batzordeko hainbat kide aukeratuko dituzte
Eibarko Klub Deportiboak Ohiko eta Ez Ohiko Batzar Orokorrak egingo ditu martxoaren 26an
2026/03/11 13:41
Ekhi Belar Errasti

Eibarko Klub Deportiboa-k bazkide guztiei dei egin die datorren martxoaren 26an egingo diren Batzar Nagusietara joateko, eta bi bilera egingo dira egun berean klubaren egoitzan.

Lehenik, Ohiko Batzar Nagusia egingo dute. Bilera 18:30ean izango da lehenengo deialdian eta 19:00etan bigarrenean. Batzarrean hainbat gai landuko dituzte, tartean aurreko aktaren irakurketa eta onarpena, 2025eko jardueren memoria eta klubaren kontuen eta bazkideen egoeraren berri ematea. Halaber, 2026rako aurreikusitako jardueren plana aurkeztuko dute, baita Depor tabernari lotutako gaia ere. Amaieran bazkideek galderak eta eskaerak egiteko aukera izango dute.

Ondoren, Ez Ohiko Batzar Nagusia egingo dute, 19:30ean lehenengo deialdian eta 20:00etan bigarrenean. Bilera horren helburua zuzendaritza batzordeko hainbat kide aukeratzea izango da. Besteak beste, zuzendaritzako karguak eta klubeko atal batzuetako arduradunak berrituko dituzte, hala nola atletismoa, espeleologia, eskia, argazkilaritza, kultura eta artxiboa. Hautagaitzak batzarrean bertan aurkeztu ahal izango dira.