Eibarko Kontsumitzaileen Bulegoak 1.300 kontsulta baino gehiago artatu zituen 2025ean

Eibarko Kontsumitzaileen Bulegoak 1.300 kontsulta baino gehiago artatu zituen 2025ean
2026/02/20 12:42
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Kontsumitzaileen Informazio Udal Bulegoak (KIUB) 1.381 kontsulta kudeatu zituen 2025ean, eta aurreko urtearekin alderatuta kontsulta kopurua zertxobait jaitsi bada ere, erreklamazioak nabarmen ugaritu dira: 2024ko 163tik 2025eko 220ra igo dira.

Erreklamazio-motak

Urteko txostenaren arabera, telefonia eta energia sektoreek jarraitzen dute arazo gehien sortzen kontsumitzaileen artean. Izan ere, erreklamazioen %30 telefonia eta Internet zerbitzuekin lotuta egon dira, eta %25 energia sektorearekin. Aseguruen, produktu elektronikoen eta automobilgintzaren arloan ere kexa ugari jaso dira, batez ere kontratuak ez betetzeagatik, eskatu gabeko zerbitzuak kobratzeagatik eta bigarren eskuko ibilgailuen bermeen inguruan izandako arazoengatik.

Bestalde, telefono bidezko kontsultak ia bikoiztu egin dira: 2024an 275 izan ziren, eta 2025ean 594ra iritsi dira. Gorakada hori aurretiazko hitzordurako sistemaren kontsolidazioarekin lotu dute, izan ere, arreta antolatuagoa eta eraginkorragoa eskaintzea ahalbidetu du. Hala ere, KIUBek gogorarazi du premiazko kasuetan hitzordurik gabe ere artatzen direla herritarrak, ahal den neurrian.

Telekomunikazioen arloan, KIUBek nabarmendu du Internet eta telebista zerbitzuetako arazo teknikoak nabarmen ugaritu direla azken urtean. Energiaren kasuan, berriz, ohikoak izaten jarraitzen dute irakurketa estimatuetan egindako fakturazio-akatsak eta kontratazio engainagarriak, eta ohartarazi dute zenbait enpresak oraindik ere informazio nahasgarria erabiltzen dutela bezeroak tarifa edo zerbitzu kaltegarriak kontratatzera bultzatzeko.

Kontsulta eta erreklamazioez gain, KIUBek formazio- eta sentsibilizazio-saioak ere antolatu ditu urtean zehar. Saioen artean, abenduan energia-merkatu librearen eta arautuaren arteko aldeen inguruan egindako hitzaldia nabarmendu dute.