Eibarko lau taberna lehian, ETBko Pintxo Pote saioan
“Pintxo Pote” ETBk abian jarri duen lehiaketa gastronomiko berria da, Euskal Herriko herri eta auzoetan zehar bidaiatzen duena pintxorik onenaren bila. Saioa Javi Sierra sukaldari ezagunak aurkezten du, eta bertan tokian tokiko lau tabernek hartzen dute parte atal bakoitzean. Gaur Eibarren izan dira, Untzagan plazan grabaketa egiten, eta han ikusi ditugu Ongietorri, Kontent, Amesti eta Albert tabernetako aurpegi ezagunak. Zorte on guztioi!
Parte-hartzaileek beren sormena, teknika eta sukaldaritzarekiko pasioa erakutsi behar dituzte, euren pintxoa denboraldiko onena izendatua izan dadin. Lehiaketa berezi bihurtzen duena, ordea, epaimahaia beraiek izatea da: parte-hartzaileek elkarri ematen diote balorazioa.
“Pintxo Pote” saioak, lehiaketatik harago, poteoaren benetako izpiritua ere islatzen du: lagunartean, tabernaz taberna ibiltzea, gure kulturaren parte sakona den ohitura hori bizirik mantenduz.