Eibarko muga guztiak ezagutzeko ekimena Klub Deportiboaren eskutik

Eibarko muga guztiak ezagutzeko ekimena Klub Deportiboaren eskutik
2014/02/13 00:00
eta kitto!

Eibarko mugarri guztiak etapa bitan ezagutzeko aukera izango da martxoaren 15ean eta 29an, Klub Deportiboko Julian Etxeberria, Periko Iriondo eta Angel Treviñok egindako lanari esker. Ego Ibarra batzordeak aditzera eman duenez, "iaz, herriko mugarri guztiei buruzko lana gure batzordean aurkeztu eta gero, 2014. urtean lanaren hedapenari eta ezagutzari garrantzia ematea erabaki zen. Martxoan egingo denari esker, Ermua, Mallabia, Markina-Xemein, Elgoibar, Soraluze, Bergara, Elgeta eta Zaldibar herriekin ditugun mugarri guztiak ezagutzeko aukera izango da".
Oinez 35 kilometro eginda, nahi duenak Eibarko 71 mugarriak ezagutzeko aukera izango du: martxoaren 15ean, Ego errekaren ezkerreko aldean geratzen den zatia egingo da. Egun horretan Zaldibar, Ermua, Markina eta Elgoibarrekin ditugun mugarriak ezagutzeko tartea izango da. Eta bigarren etapan, martxoaren 29koan, Ego errekaren eskuma aldean daudenak ikusteko aukera izango da. Julian Etxeberriak egun bi horietarako prestatu dituen ibilbide zehatzak euskeraz eta gazteleraz deskargatzeko moduan ipini dituzte Ego Ibarra batzordearen webgunean.