Eibarko Musika Bandak agenda betea izango du ekainean zehar
San Juan jaiak ospatuko ditugu laster eta ekintza ugari izango ditugu herrian datozen asteotan. Eibarko Musika Bandaren jarduna ere hazi egingo da, hainbat emanaldi eskainiko dituztelako ekainean zehar.
Asteburu honetan emango dute lehen saioa, hilaren 8an, San Andres eta Ego Gain egoitzak bisitatuz. “San Juan Eguneko doinuak eskainiko dizkiegu, jaietako giroan murgiltzeko”, esan digu Andoni Vazquez Eibarko Musika Bandaren zuzendariak. Banda 11:30ean joango da San Andres egoitzara eta 12:00ak inguruan Ego Gainera.
San Juan jaien egunetan murgilduta, 23an San Juan suan hartuko dute parte San Juan ereserkia eskainiz. “Horren aurretik kalejira egingo dugu”, diosku Vazquezek.
Hurrengo egunean, hilaren 24an, San Juan Kontzertua eskainiko dute. “Urtero bezala, jai giroko musika joko dugu, publikoak gurekin dantzatzeko eta abesteko”, Vazquezen berbetan. Gainera, Lizarrako gaiteroekin ere joko dute.
Hilaren 25an, emanaldi berezia eskainiko dute 22:00etatik aurrera, Untzagan. ‘Once upon a time in Untzaga’ saioa eskainiko dute eta bertan, iaz ‘Eraztunen gizona’ pelikularekin egin bezala, aurten western estiloko pelikulen abestiak joko dituzte, pantailan pelikula ezberdinen irudiak agertzen diren bitartean. Horrela, ‘Los siete magníficos’, ‘Silverado’, ‘El bueno, el feo y el malo’ eta ‘Por un puñado de dólares’ bezalako pelikulen soinu-banden abestiak joko dituzte, besteak beste.