Eibarko Musika Bandak saio bikoitza eskainiko du Santa Zezilian: serenata eta kontzertua

Domekako kontzertuan Rodolfo Epelde tronpa-jole eibartarrak abesti bat joko du bandarekin
Eibarko Musika Bandak saio bikoitza eskainiko du Santa Zezilian: serenata eta kontzertua
2024/11/18 11:17
eta kitto!

Santa Zezilia ospatuko dugu asteburuan eta Eibarko Musika Bandak saio bikoitza eskainiko du. Zapatutik domekarako gauean, 00:00etatik hasita, Santa Zezilia serenata egingo du herriko kaleetan zehar, herritarrek lagunduta (eguraldiaren arabera, kontzertua udaletxeko arkupeetan izango da).

Herritarrek bandarekin bat egin ahal izateko, Eibarko Musika Bandak kantu-paperak jarri ditu denon eskura Coliseo antzokian, Portalean, eta Ongi Etorri eta Trinkete tabernetan.

 

Kontzertua domekan

Zapatu gaueko serenataren ondoren, domeka goizean ere musikaz gozatu ahal izango dugu. Izan ere, Eibarko Musika Bandak Santa Zeziliako kontzertua eskainiko du, 12:30ean, Coliseo antzokian. “Urteko kontzerturik zailena da”, Andoni Vazquez Santos bandako zuzendariaren berbetan.

Bandak bost pieza joko ditu, horietako bat Rodolfo Epelde tropa-jole eibartarrarekin batera, solista bezala. R. Straussen 1. Tronpa Kontzertua joko du maila goreneko tronpa-joleak.

Epelderekin joko duten piezaz gain, ‘Marcha eslava’ (A. Dvorak), ‘Pompa y circunstancia’ (E. Elgar), ‘Conga del fuego nuevo’ (A. Marqeuz) eta ‘Independence Day’ (D. Arnold) ere joko dute.