Eibarko Musika Bandak Sorotan Bele taldearekin hartuko du parte Euskal Jaian
Eibarko Musika Bandak Euskal Jaian hartuko du parte “lehen aldiz, nik gogoratzen dudala behintzat”, Andoni Vazquez zuzendariaren berbetan. Sorotan Bele taldearekin batera arituko da ostiralean, maiatzak 29, 22:00etan, Untzagan, euskal banda ezagunaren abestiak plazara ekarriz ‘Sorotan Bele gogoan’ ikuskizunarekin. Vazquezek esan digunez, “banda beste formatu batean ikusteko aukera izango da eta oso gogotsu gaude”.
Ikuskizun horrekin, 1990ko hamarkadan Euskal Herrian izan zen folk-pop talde nabarmenetako bat omendu nahi da. Taldearen 30. urteurrena bete zenean jarri zuten martxan egitasmoa, 2020an hain zuzen ere, eta urte hauetan Gorka Sarriegi eta Urbil Artola taldekideak plazarik plaza ibili dira herri ezberdinetako bandekin Sorotan Beleren abestiak jotzen.