Eibarko Pedrucho zezenzaleen lagunarteari udal-lokal bat lagatzeko proposamena ez onartzea eskatu du Podemos Euskadik

Salatu dutenez, Eibarko Udalak doan laga nahi dio udal-lokal bat zezenzaleen lagunarteari, eta maiatzaren 26an izango den Udalaren Osoko Bilkuran horrelakorik ez onartzea eskatu dute.
Eibarko Pedrucho zezenzaleen lagunarteari udal-lokal bat lagatzeko proposamena ez onartzea eskatu du Podemos Euskadik
2025/05/19 18:09
eta kitto!

Euskadiko Podemos-etik adierazi dutenez, “Udalak gaurko batzordean onartuko du Eneko Andueza presidente izan zuen Eibarko Pedrucho lagunarteari, hamar urtez, 75 metro karratuko lokal bat doan lagatzeko tokiko Gobernuaren proposamena hilaren 26ko osoko bilkurara joatea”. 
Proposamena martxoaren 14an onartu zen, zezen lagunarteak berak egindako eskaerari erantzunez, eta Kultura Saileko arduradunak aldeko txostena aurkeztu ostean. Isabel Fernandez Pejenaute udal bozeramaileak salatu duenez, “proposamen hau Tokiko Gobernu Batzarrak zezen lagunarte hau Udal Intereseko Irabazi Asmorik Gabeko Elkarteen Erregistroan inskribatu eta bi hilabete eskasera onartuko da”. Gaineratu dutenez, Udaleko kontu-hartzaileak ere lagapenaren aldeko irizpena eman du: “Bere txostenean, justifikatutzat jo du lokal publikoaren doako lagapena, elkartearen interes publikoko helburuak aintzat hartuta eta hamar urterako epean”. 
Eibarko Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak adierazi duenez, “ezin da onartu udal-lokal bat esleipen libre bidez zezenzaleen elkarte bati doan ematea, are gehiago kontutan hartzen badugu Eibarren ez dela aspaldidanik zezenketarik egiten”. Horrekin batera, elkarte horri Udal Intereseko Irabazi Asmorik Gabeko Elkarte izaera eman izana kritikatu du, “kategoria horrek dakartzan onura guztiekin, benetan herritarren premien alde lan egiten duten taldeetara mugatu beharko litzatekeenean”. Gogora ekarri duenez, “Eibarren egunero herritarren ongizatearen alde lan egiten duten hainbat elkarte badaude, eta ez zaie lagatzen udal-lokal bat doan erabiltzen”.
Aipatutakoarekin batera, lokal honen doako lagapenak animalien eskubideen defentsan atzerapauso nabarmena dakarrela ere adierazi du: “Zezenketa zezenen aurkako indarkeria da, eta euskal gizartearen gehiengo batek sentimendu hori partekatzen du”.
Podemos-en arabera, “zezenketarik antolatzen ez den eta zezen-plaza erabili ezin daitekeen hiri batean horrelako erabakia hartzeak ez dio interes orokorrari erantzuten, eta adiskidetasunezko tratutzat baino ezin daiteke ulertu”.