Eibarko pentsiodunek bat egin dute osasungintza publikoaren aldeko manifestazio deialdiarekin

Debabarrenerako deitutako mobilizazioa Untzagatik abiatuko da zapatuan (martxoak 16), 12:00etan
Eibarko pentsiodunek bat egin dute osasungintza publikoaren aldeko manifestazio deialdiarekin
2024/03/11 19:19
eta kitto!

Astelehenero bezala, gaur ere pentsio publiko eta duinak eskatzeko elkarretaratzea egin da Untzagan, udaletxeko arkupeetan, Eibarko Pentsiodunen Taldeak antolatuta. Taldeko ordezkariek oso modu positiboan baloratu dute barixakuan, Emakumeen Nazioarteko Egunean, Eibarren egindako manifestazioak izan zuen parte-hartze zabala, eta pentsiodunek ere mugimendu feministaren aldarrikapenekin bat egiten dutela berretsi dute. Horrekin batera, babes osoa eman diote osasungintza publikoaren alde zapatuan (martxoak 16) Eibarren egingo den manifestazioari. Eskualde mailako mobilizazioa 12:00etan hasiko da, Untzagatik.