Eibarko Pentsiodunen Taldeak oporren osteko lehen elkarretaratzea egin du gaur
Aurrerantzean astero egingo dute kontzentrazioa, astelehenetan. Pentsiodunek diotenez, “kontzentraziorik gabeko bi hilabete hauek energia kargatzeko eta lan egiteko eta erantzuteko modu berriak aztertzeko balio behar digute, baita pentsiodunen eskaerak eguneratzeko ere. Bada garaia Gasteizko Gobernuak pentsiodunen mugimenduaren proposamena onartzeko, eta eskatzen den ponentzia abian jartzeko. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa partida espezifiko batekin bermatzeko ordua da, harik eta Madrilgo gobernuak onartu arte”.
Gaur hasi duten ikasturtean aldarrikapen historikoak izango dituzte mahai gainean: “Eta, pentsiodunak garen aldetik, zuzenean eragiten diguten gai guztiek kezkatzen gaituzte, batez ere osasun publikoaren egoerak eta pribatizazio-planek, baita egoitzetako langileek etengabe salatzen dituzten gabeziek ere”. Bizi-kalitate txukuna lortzeko bide bakarra mobilizazioa dela berretsi nahi dute, “eta, jakina, garrantzitsua da gizarte osoaren inplikazioa”.