Eibarko Pentsiodunen Taldeak pentsio duin eta publikoen aldeko elkarretaratzea egin du
Astelehenero moduan, Eibarko Pentsionisten Taldeak deituta, gaur ere pentsio duin eta publikoen aldeko elkarretaratzea egin da Untzagan, 162 lagunen parte-hartzearekin. Ohikoa den moduan, azken egunotan egindakoaren berri emateko aprobetxatu dute mobilizazioa. Batetik, aurreko martitzenean Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre-n egindako kontzentrazioa ekarri dute gogora: “Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) sustatuta, hilaren 22an 200 pentsiodunek elkarretaratzea egin zuten Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre (BEC) erakustazokaren ateen aurrean, bertan egiten ari zen finantza esparrura bideratutako pentsioei buruzko nazioarteko topaketa salatzeko. Oso aktiboa izan zen pentsiodunen elkarretaratzean, agerian geratu zen EHPMk tinko defendatzen dituela gure herrian eta nazioartean pentsio sistema publiko eta duinak, eta, bereziki, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) pareko gutxieneko pentsioak”. Eta, horrekin batera, atzo Madrilen pentsiodunek egindako mobilizazioan, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren (EHPM) ordezkaritza zabala egon zela adierazi dute, “150 bat lagun bertaratu baitziren”.