Eibarko Pentsionisten Taldeak bilera irekia egingo du astelehenean, elkarretaratzearen ordez
2021/12/23
16:56
eta kitto!
Eibarko Pentsionisten Taldetik jakinarazi dutenez, datorren astelehenean, abenduaren 27an, ez dute elkarretaratzerik egingo. Astelehen eguerdietan egin ohi duten kontzentrazioa egin beharrean, bilera irekia deitu dute, 11:00etan Untzagako jubilatu etxean. Egunerako gai-zerrendari jarraituz, honakoen inguruan egingo da berba: pentsiodunen mugimenduak gaur egun bizi duen egoera; aurrera begirako konpromiso eta deialdiak; eta, batez ere, datorren urtarrilaren 15erako antolatuko diren ekitaldiak, mobilizazioak hasi zirela 4 urte beteko direla eta. Antolatzaileek azpimarratu nahi dute bilera irekia izango dela, “pentsiodunen mugimendurako ideiak eta proposamenak dituzten herritar guztientzat zabalik”.