Eibarko sozialisten arabera, “EH Bilduren arduragabekeriak zaildu egin du Murrategi biziberritzeko funtsak Udalera iristea”

Jon Iraola alkateak eta Luis Vicente Castellanos, Eibarko Talde Sozialistako antolakuntza idazkariak gaur goizean eman duten prentsaurrekoan salatu dutenez, Murrategi Biziberritzeko funtsak Eibarko Udalera ez iristeko arrazoia “EH Bilduren arduragabekeria” izan da.
2025/05/16 18:52
eta kitto!

Esan dutenez, Gobernuko talde sozialistak 2023an jakinarazi zion EH Bilduri arazoaren nondik norakoa eta, horrekin batera, Espainiako Gobernuarekin sinatutako akordioaren sustatzaile gisa jardun behar zutela. EH Bilduk udal gobernu taldearen eta alkatearen aurka berriki egindako salaketak direla eta, haserre daude sozialistak, eta “bidegabeak” direla diote. Azaldu dutenez, talde sozialistak 2021eko otsailean onartu zuen Murrategi auzoko Birgaitze Integraturako Plan Berezia, “eta Plan hori 2021eko martxoaren 1ean aurkeztu zitzaien auzokideei. Behin hori eginda, eta Plana betetzeko asmoarekin, hainbat lurzati eta eraikuntza eskuratu genituen”.
Hala ere, horren ostean EH Bilduren talde parlamentarioak Espainiako Gobernuarekin akordioa lortu zuela ekarri dute gogora. Akordioaren arabera, Murrategi auzoa biziberritzeko 3 milioi euro gehitu zizkioten 2023ko aurrekontu orokorrari. Alkateak argitu duenez, “EH Bilduk ez zuen akordio horri buruz ezer esan Udalean”, arazoa Udalak diru hori Madrilen erreklamatzeko izapideak hasi zituenean sortu zela gaineratuta. 
Alkateak azaldu duenez, hirigintza-saileko aholkulari juridikoak egindako lanari esker, 3 milioi horiek akats baten ondorioz kultura-arloko beste partida batean sartuta zeudela antzeman zuten. Gauzak horrela, diru hori erreklamatzeko lehenik eta behin akatsa zuzendu beharko litzatekeela argitu du alkateak. Alkatearen berbetan, akatsaren berri izan zutenean, 2023ko bigarren seihilekoan, EH Bilduri jakinarazi zioten beharrezkoa zela Madrilgo alderdikideek beharrezko gestioak egitea, funtsak aurrekontu-partida egokian sartzeko. Iraolak esan duenez, arazoa konponduta egongo zela uste zuen, baina dirua hasieran zegoen leku berean jarraitzen duela baieztatu diete. Hori ikusita, EH Bilduk arazoa konpontzeko ezer ez duela egin salatu du. Gaineratu duenez, PSE-EE maila goreneko gestioak egiten ari da Madrilen, “funtsak Udalera iritsiko direla bermatzeko. Eta diru hori iristen denean ez da izango, ez EH Bilduren lanagatik, ez gai honetan erakutsi duen interesagatik, ezta erantzukizunagatik ere”.