Eibarko Teknimap enpresak Lurra Bizkaia Saria 2025 jaso du
Eibarko TEKNIMAP ENERGIA Y MEDIO AMBIENTE enpresak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eta Deia egunkariak antolatutako Lurra Bizkaia Saria 2025 jaso du, Talantia enpresarekin batera bultzatutako Aris proiektuan parte hartzeagatik. Azaldu dutenez, “proiektu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko lurzoru kutsatuen tratamenduari erantzun nahi dio. Ildo horretan, EAEko lurzoruaren % 1,3 kutsatuta egon daitekeela kalkulatzen da, neurri handi batean kea, burdina eta obra-hondakinengatik. Lur azpian ezkutatutako 13.000 futbol zelai baino gehiagoren pareko azalera litzateke hori. Euskal industria-ondarean, Eibarkoa kasu paradigmatikoa da. Aurreko mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan, ia etxe guztien azpian tailer bat zegoen eta, beraz, potentzialki kutsatutako lurra”. Ekografia batean bezala, Arisek erabiltzen duen teknologiak kutsatuta egon daitekeen lurraren bereizmen handiko irudiak lortzea ahalbidetzen du. Gainera, kutsatzaileen kontzentrazioa aztertzen duten gas-detektagailuak ditu.