Eibarko Txirrindulari Elkarteak batzar orokorra egin zuen zapatuan

Eibarko Txirrindulari Elkarteak batzar orokorra egin zuen zapatuan
2024/01/15 16:14
eta kitto!
Portaleak Eibarko Txirrindulari Elkartearen urteko batzar orokorra jaso zuen zapatu goizean. Bertan, joan den urtearen balorazioa egiteaz gain, iazko diru-kontuak eta 2024rako aurrekontua onartu zituzten, urte berriko egutegia eta beharrak aztertzearekin batera.

Angel Lopez presidenteak iaz hil ziren elkarteko kideak gogoratuz hasi zuen saioa eta, ondoren, aurreko denboraldiko balantzea egin zuen. Horrela, lasterketetan motorrekin egon ziren aferak gogoratu zituzten. “Urte hasieran lasterketak antolatzeko arazoak egon ziren motoristen lanuzteagatik, baina Foru Aldundiaren laguntzari esker denboraldia hasi ahal izan genuen, Udaberri Proba bertan behera laga izan behar genuen arren”, adierazi zuen Lopezek. “Aurten antzeko zerbait gertatuko dela dirudi, ikusten denez Eusko Jaurlaritzak ez duelako arazoa konpontzeko interesik. Ertzain falta dagoela argudiatzen dute, harrobiko lasterketen segurtasunean eraginez, nahiz eta Frantziako Tourrean eta Espainiako Itzulian, hemendik pasa direnean, arazo hori egon ez dela ikusi dugun”, bere berbetan.

Denboraldi berriko lasterketa izarra Eibar Hiria Sari Nagusia izango da. UCI ProSeries maila izango du aurten eta are maila handiagoko txirrindulariak ekarriko ditu herrira maiatzaren 26an. Aurten, gainera, Arraten jarriko dute helmuga, ezinezkoa izango baita Toribio Etxebarria kalean jartzea.

Batzarrarekin amaitzeko, bazkideei lasterketetan laguntzeko eskatu zieten, jende gehiago behar dutelako errepideetan. Horrela, laguntza eman nahi izanez gero, 943 20 34 80 telefonora deituta edo clubciclistaeibarres@gmail.com helbidera idatzita jarri daiteke eurekin harremanetan.