Eibarko Txirrindulari Elkarteak Bizikleta Eguna antolatu du domekarako
2023/09/22
11:20
eta kitto!
Adin guztietako jendearentzat egokitutako egitaraua prestatu du gure herriko txirrindulari elkarteak domeka goizerako. 10:00etan Untzagatik abiatuko da zikloturisten eta mountain-bikean arituko diren bidea: “Zikloturisten kostalderantz joko duten bitartean, biker-ek Eibar inguratzen duten mendietatik ibiliko dira”. Ordu erdi geroago, 10:30ean, gazteagoen izen-ematea zabalduko da, 11:00etatik aurrera Eibarren prestatu duten bidegorria ezagutzen joateko: Untzagatik irtenda, Mekolatik pasatuko dira, Amañara heldu eta handik berriro bueltatzeko. 11:30ean 8tik 10 urtera artekoen tartea izango da, euren osatuko baitituzte zirkuitoaren bi tzuli. Ordu laurden geroago, 12:45ean, 11 eta 12 urtekoen txanda izango da, aipatutako zirkuitoari hiru itzuli egiteko. Eta 12:00etan txikienentzat prestatutako ginkana osatzen hasiko dira. Eurekin bilduko dira baita, euren itzulia amaituta, aurretik 12:00etan Apalategin bildutako Debatik etorriko diren zikloturistak eta mendietatik jaitsiko diren biker-ak, anbulatoriotik elkarrekin Untzagan sartzeko: “Bertan salda eta txorizoa egongo da helduentzat, txikienek zozketan sartu eta opariak jasoko dituzten bitartean”. Horrela agurtuko dute aurtengo Día del Pedal edo Bizikleta Eguna.