Eibarko Txirrindulari Elkarteak mendeurrena ospatuko du 2026an

Ohiko Batzarra egin zuen zapatuan eta, besteak beste, urteko egutegia aurkeztu zuen
Eibarko Txirrindulari Elkarteak mendeurrena ospatuko du 2026an
2026/01/12 12:18
Ekhi Belar Errasti

Eibarko Txirrindulari Elkarteak 2025eko Ohiko Batzar Nagusia egin zuen zapatuan, urtarrilak 12, Portalean. Ekitaldian, Angel Lopez presidenteak egin zuen agurra eta, iaz hildako bazkideak gogoratu ondoren, 2025eko balantzea egin zuen. Bazkideek kontuak onartu zituzten eta baita 2026ra begira prestatutako aurrekontua ere.

Onarpen horrekin ekingo diote urte berezi honi, elkartearen mendeurrena ospatuko baita 2026an. Horrela, urtero prestatzen dituzten ekintzen artean, data berria ospatzeko ekitaldia egingo dute ekainaren 10ean.

Hau da 2026ko egitaraua:

  • Otsailak 22: XVII. Udaberri kontzertua
  • Martxoak 1: XLVIII. Udaberri proba (juniorra)
  • Apirilak 19: VIII. Eibar Hiria Sari Nagusia (emakumezkoen UCI)
  • Apirilak 26: IX. Eibarko Txirrindulari Elkartea Saria (kadetea)
  • Maiatzak 3: LV. Balentziaga Oroigarria (23 urtez azpiko eliteak)
  • Ekainak 10: Mendeurrenaren aurkezpen ekitaldia
  • Ekainak 14: XC. San Juan Sari Nagusia (jubenilak)
  • Irailak 27: XXXI. Pedal Eguna
  • Azaroak 21: XXII. Txistorra Eguna

 

Lizentzia, arropak eta zozketa

Zapatuko ekitaldian beste gai batzuk landu zituzten. Batetik, bazkideei jakinarazi zitzaien zikloturisten lizentziak berritzen hasiak zirela eta nahi zuenak aurrez aurre tramitatu ahal izango zuela, klubaren lokaletan (Pagaegi kalea, 3), eguaztenetan 19:00etatik 20:00etara.

Halaber, txirrindularientzako arroparen diseinua aurkeztu zen: udako eta neguko maillota eta kulotea, eta baita udako txalekoa ere. Klubaren mendeurrena ospatzeko bereziki atera dute arropa, eta erosi nahi duen ororen eskura dago, neurri desberdinekin, klubaren lokaletan, eguaztenetan 19:00etatik 20:00etara.

Ekitaldian zehar zozketa ere egin zen, eta Manu Martinez ‘Ganda’ izan zen saritua.

Manu Martinez ‘Ganda’