Eibarko Udal Liburutegiak irakurzaletasuna sustatzeko urte osoko jarduera zabala nabarmendu du

Liburuaren Egunaren harira, liburutegiak azpimarratu du ez dela egun bakarreko ospakizunera mugatzen, eta haur, gazte zein helduentzako ekintza ugari garatzen dituela urte osoan zehar, liburutegi bizia eta parte-hartzailea indartuz.
Eibarko Udal Liburutegiak irakurzaletasuna sustatzeko urte osoko jarduera zabala nabarmendu du
2026/04/23 12:05
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Liburutegiko arduradunek nabarmendu dutenez, euren jarduna ez da Liburuaren Egunera mugatzen. Urte osoan zehar, eta bereziki urritik maiatzera bitartean, adin guztietara zuzendutako jarduera ugari antolatzen dituzte, irakurzaletasuna sustatzeko helburuarekin. Haurtzarotik hasi eta helduarora arteko eskaintza lantzen dute, etengabeko ikaskuntzari eta ohitura kulturalen garapenari begira.

Egunerokoan, liburutegia jendez betetzen dela azpimarratu dute: ikasleak, familiak, haur eta gazteak, baita liburuak maileguz hartu edo aldatzera doazen herritarrak ere. “Liburutegi bizia” dela nabarmendu dute, erabiltzaileen joan-etorriak eta parte-hartzea etengabeak direlako.

Apirilean bertan hainbat jarduera egin dituzte. Besteak beste, urtebetetik gorako haurrentzako irakurketa-kluben bost saio antolatu dituzte, eta hilaren 13an abiatu zen JiraBira ekimena, haurrek irakurtzeko ohitura sustatu eta saritzeko. Helduentzat ere irakurketa-klubak egin dira, euskaraz zein gaztelaniaz, eta saio horietako batean Katixa Agirre idazlea izan da gonbidatu, Berriz zentauro eleberriaren inguruan solasteko.

Horrez gain, Miguel Arroitajauregi-k bere bigarren lana aurkeztu du, Transiciones, eta Galtzagorri Elkartea-k antolatutako tailer batean 30 bat liburuzain elkartu dira irakurketaren bitartekaritzari buruz sakontzeko.

Bestalde, hizkuntza praktikatzeko taldeak ere martxan daude hilabete honetan, ingelesa eta frantsesa lantzeko, eta liburutegian bertan ikusgai dago II. Errepublikaren 95. urteurrena gogoratzeko hautatutako liburuen erakusketa.

Aurrera begirako egitaraua

Datozen egunetarako ere egitarau oparoa prestatu dute. Zapatu honetan, Rosa Martínez izango da liburutegian, Elefante bitxi bat saioarekin. Gainera, maiatzaren 3ra arte, Egoaziarekin elkarlanean, Hezkuntzaren aldeko Mundu Ekintza Astearen harira, liburu eta filmen erakusketa bat egongo da ikusgai, gatazka egoeretan hezkuntzaren garrantzia azpimarratzeko.

Halaber, apirilaren 28an helduentzako ipuin kontaketa musikala eskainiko dute: Amaia Elizagoien-ek Amelie lana aurkeztuko du, Itziar Teietxea-ren laguntzarekin.

Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira, liburutegitik herritarrak gonbidatu dituzte bertara hurbiltzera, irakurtzera eta euren eskaintza ezagutzera.