Eibarko Udalak 2026. urterako Gizarte Larrialdietarako Laguntzen irizpideak eguneratu ditu
Eibarko Udalak aldaketak egin ditu 2026. urterako Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) irizpideetan, laguntzak premia handiena duten pertsona eta familietara iritsi daitezen. Udalaren esanetan, eguneraketaren helburua da errealitate sozial berrietara egokitzea eta zaurgarritasun-egoeran dauden herritarrei erantzun eraginkorragoa ematea.
GLLak ohiko zein ezohiko gastu zehatzak estaltzeko dirulaguntzak dira, eta gizarte-bazterkeriako egoerak prebenitu, saihestu edo arintzea dute helburu. Laguntza hauek baliabide ekonomiko nahikorik ez duten pertsona edo familiei zuzenduta daude.
Irizpide berrien arabera, GLLek etxebizitzarekin lotutako gastuak (alokairua edo hipoteka), etxebizitzaren mantentzea, energia-hornidura, lehen mailako premiak eta araudiak jasotzen dituen beste gastu batzuk estaltzen jarraituko dute. Alokairuen kasuan, gehieneko zenbatekoak zehaztu dira, eta mugak ezarri dira beste etxebizitza-laguntza batzuk jasotzen dituztenentzat, salbuespenezko egoeretan izan ezik.
Jon Iraola alkateak adierazi du irizpideak eguneratzea “funtsezkoa” dela une zailean dauden herritarrengana iristeko, eta azpimarratu du laguntza hauek aldi baterako babesa direla, bestelako akonpainamendu sozialekin osatzen direnak. Bestalde, Sonia Archeli Gizartekintzako zinegotziak nabarmendu du izapideak arindu eta gardentasuna handitu direla: “bisita presentzialak murriztu dira eta eskaerak online egiteko aukera indartu da”.
Aldaketen artean, ondare ekonomikoaren gehieneko mugak bizikidetza-unitatearen arabera eguneratu dira eta urtean lau aldiz gastuak justifikatzeko betebeharra mantendu da, aurrez aurre zein bide telematikoz. Horrez gain, laguntzari eragiten dion edozein aldaketa 15 eguneko epean jakinarazi beharko zaio Gizartekintza Sailari.
Eskabideak egiteko epea 2026ko urtarrilaren 7tik urriaren 23ra bitartean egongo da zabalik. Laguntzak eskatzeko baldintza eta prozedura guztiak azaltzen dituen dokumentua Udalaren webgunean eta Gizarte Zerbitzuetan izango da eskuragarri.