Eibarko Udalak berriro eskainiko ditu langabeak tokiko enpresetan kontratatzeko dirulaguntzak

275.000 euro bideratuko dira gutxienez urtebeteko kontratu mugagabeak sustatzera; eskaerak urtarrilaren 16ra arte egin daitezke
Eibarko Udalak berriro eskainiko ditu langabeak tokiko enpresetan kontratatzeko dirulaguntzak
2025/11/13 13:31
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak martxan jarri du berriro herrian finkatutako enpresek langabetuak kontratatzeko dirulaguntzen programa, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin elkarlanean. Ekimenaren helburua da lan-merkatuan txertatzea eta enplegua sustatzea, eta 275.000 euroko aurrekontua izango du.

Laguntza horietatik, 221.249 euro Lanbidetik datoz eta 53.751 euro Udalak jarriko ditu. Kopurua %20 handitu ahal izango da, baldin eta eskaera guztiak asetzeko beharrezkoa bada.

Baldintzak eta laguntza motak

Dirulaguntzak Eibarren lantokia eta jarduera duten enpresek eska ditzakete, eta kontratatutako pertsona Eibarren erroldatuta egon beharko da 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera. Gainera, langabezian eta Lanbiden alta emanda egon beharko du kontratua hasi aurreko egunean.

Laguntza bi kontratazio motarako da:

  • Kontratu mugagabeak, gutxienez urtebeteko iraupenekoak.

  • Ikuskizun-sektoreko kontratu mugatuak, gutxienez hiru hilabetekoak.

Kontratu mugagabeen kasuan, 8.000 euroko dirulaguntza jaso daiteke lanaldi osoko kontratu bakoitzeko, eta 10.000 euro artekoa izango da baldin eta kontratatutako pertsona DSBE edo BGD laguntzen onuraduna, luzaroko langabea, 35 urtetik beherakoa edo 55 urtetik gorakoa bada.

Ikuskizun-sektoreko kontratuen kasuan, 6.000 euroko laguntza aurreikusten da lanaldi osoko sei hilabeteko kontratu bakoitzeko, eta 7.500 eurokoa izango da kontratatutako pertsona aipatutako taldeetako bat bada. Kopuru guztiak %10 igoko dira kontratatutakoak emakumezkoak badira.

Gainera, kontratuek enplegu garbia sortu behar dute enpresan eta ez dira lau kontratu baino gehiago diruz lagunduko onuradun bakoitzeko.

Eskaerak urtarrilaren 16ra arte

Dirulaguntzen eskaerak azaroaren 11n ireki ziren eta 2026ko urtarrilaren 16ra arte aurkeztu ahal izango dira.
Prozedura elektronikoki egin behar da Eibarko Udalaren webgunean: www.eibar.eus. Bertan kontsulta daitezke deialdiaren oinarriak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa ere.