Eibarko historia eta industria ardatz hartuta, bisita gidatuak antolatu ditu Udalak Aste Santurako

Apirilaren 2an, 3an, 4an eta 6an egingo dira, eta parte-hartzea doakoa izango da.
Eibarko historia eta industria ardatz hartuta, bisita gidatuak antolatu ditu Udalak Aste Santurako
2026/03/27 11:12
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak, Debegesarekin lankidetzan, historia eta industria ardatz dituzten bisita gidatuen beste edizio bat antolatu du Aste Santuko jaiei begira. Ekimenaren helburua da hiriko turismo-eskaintza ezagutaraztea eta Eibarren historiari eta ondare industrialari balioa ematea.

Bisitetan zehar, Nerea Alustiza historialari eibartarrak hiriko historiaren eta industria-ondarearen idiosinkrasia azalduko du. Besteak beste, Eibarrek Gerra Zibilean izan zuen aldaketa eta ondorengo berpizkundea landuko ditu, baita enpresa esanguratsu batzuk ere, hala nola El Casco, Lazpiur, Aurrera edo BH.

Bisita gidatuek ordu eta erdi inguruko iraupena izango dute, eta San Andres parrokiaren aurretik abiatu eta Estaziño kalean amaituko dira. Apirilaren 2an, 3an eta 4an 18:00etan hasiko dira, eta apirilaren 6an, berriz, 11:30ean. Apirilaren 3ko bisita euskaraz izango da.

Parte-hartzea doakoa izango da, eta interesa dutenek 10 minutu lehenago egon beharko dute San Andres elizaren sarrera nagusian.