Eibarko Udalak eraso matxisten aurkako protokolo bat ezarri du jaietarako eta gaueko aisialdirako
Eibarko Udaleko Berdintasunaren Zerbitzuak, Udaleko hainbat arlorekin, mugimendu feministekin, herriko jaietako elkarteekin, eta ostalaritzako eta gaueko aisialdiko sektoreekin lankidetzan, jai-giroko guneetan eraso matxisten aurrean jarduteko protokolo bat garatu du.
Protokoloaren helburua da "halako egoeretan eraso matxistak prebenitzea eta eman beharreko erantzuna hobetzea. Herriko aisialdiko guneetan jazarpen edo eraso sexista edo sexual bat gertatuz gero jarriko da martxan. Integritate pertsonalean edo askatasunean eragindako pertsona guztiei emango zaie arreta, haien identitatea, generoa edota orientazio sexuala edozein dela ere. Gainera, beharrezkoa izanez gero, erasotuaren gertukoek ere jaso ahal izango dute arreta".
Eraso matxista baten aurrean nola jokatu azaltzeko eta birbiktimizazioa saihesteko, protokoloarekin batera gida bat atera dute jai-giroan gerta daitezkeen eraso matxistei aurre egiteko. Gida hori QR kode baten bidez egongo da eskuragarri Eibarko jai-giroko guneetan.
Ostalaritza-establezimenduek, soziedadeek, txosnek eta elkarteek ekainaren 10ean jaso ahal izango dute materiala Andretxean, 9:00etatik 13:00era eta 16:30etik 19:30era. Material hau establezimenduetan ikusgai jartzeak prebentzio eta disuasio-tresna bat izateaz gain, erasoen aurkako jarrera garbi bat eta eragindako pertsonenganako babesa adierazten du.