Eibarko Udalak herriko lan-merkatuaren eta langabeziaren diagnostikoa aurkeztu du

Eibarko Udalak herriko lan-merkatuaren eta langabeziaren diagnostikoa aurkeztu du
2026/03/05 12:52
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Herriko langabeziaren eta lan-merkatuaren inguruko diagnostikoa aurkeztu du gaur, martxoaren 5ean, Eibarko Udalak. Eibarko alkate Jon Iraolak eta Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Saileko zinegotzi Vanesa Hortasek aurkeztu dute diagnostikoa. Diagnostikoak herriko lan-eszenatokiaren ezaugarriak eta erronkak aztertzen ditu, udalerriaren egoera demografikoa, langabeen profila eta lan-merkatuaren bilakaera kontuan hartuta. Udalaren arabera, azterketa hau etorkizuneko enplegu-politikak eta garapen ekonomikorako estrategiak diseinatzeko oinarria izango da.

Eibarko datuak

Aurkeztutako datuen arabera, Eibarek 27.540 biztanle ditu gaur egun, eta horien artean nabarmena da biztanleriaren zahartzea: %25ek 65 urtetik gora dituzte. Horrez gain, biztanleen %15,4 atzerrian jaiotakoak dira, 80 herrialde baino gehiagotatik etorriak.

Lan-merkatuari dagokionez, azken urteetan 5.750 pertsona irten dira lan-merkatutik eta 3.074 sartu dira. Horrek populazio aktiboa berriztea eta hainbat kolektibo integratzea beharrezkoa dela erakusten duela adierazi du Hortasek.

Langabeen profila ere askotarikoa dela nabarmendu dute: lana aktiboki bilatzen dutenen artean %43k lanbide-heziketa dute, %38k unibertsitate-ikasketak eta beste %38k bigarren hezkuntzara arteko ikasketak. Bestalde, prestakuntzarik ez dutenen artean, gehienak —%86— Espainiar Estatutik kanpo jaiotakoak dira, eta askok atzerrian lortutako baina homologatu gabeko titulazioak dituzte.

Sektoreka aztertuta, langabeen %62 zerbitzuen arlotik dator, batez ere merkataritza, osasuna, zaintza eta garbiketa sektoreetatik; %33, berriz, industriatik eta ostalaritzatik.

Identifikatutako erronka estrategikoak

Hamaika dira udalak identifikatu dituen erronka estrategikoak. Horien artean, ondorengoak nabarmendu dituzte: enpresen eta prestakuntza-zentroen arteko lotura indartzea, prestakuntza inklusiboa eta digitala sustatzea, belaunaldien arteko erreleboa bermatzea, eragileen arteko koordinazioa sendotzea, Eibarko irudia eguneratzea, etxebizitza eskuragarria sustatzea, ekintzaileentzako guneak sortzea, migratzaileen inklusioa bultzatzea, hiriaren berroneratzea, turismoa sustatzea eta lehen sektorea babestea.

Udalak azaldu du diagnostiko honen helburua dela tokiko errealitatera egokitutako enplegu-politikak garatzea, prestakuntza, laneratzeko aukerak eta kolektibo desberdinen integrazioa sustatzeko. Azterketak, gainera, udalerriaren indarguneak eta erronkak identifikatzeko balio izan du, etorkizunean enplegagarritasuna eta garapen ekonomikoa indartzeko estrategiak zehazteko.