Eibarko Udalak Ipuruako garajeak lizitatuko ditu auzoko bizilagunentzat

Eibarko Udalak Ipuruako garajeak lizitatuko ditu auzoko bizilagunentzat
2026/02/12 12:49
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak Ipurua auzoko aparkaleku faltari aurre egiteko urratsa egin du: Ipuruako Anexoan, Santa Ines kalean, dagoen aparkaleku publikoaren erabilera lizitatuko du. Ekimen honen bidez 38 plaza jarriko dira herritarren esku, horietatik bat mugikortasun urriko pertsonentzako egokitua. Auzoko bizilagunek izango dute plazak lortzeko lehentasuna.

Plaza bakoitza 50 urtez izango da erabilgarri, eta esleipena araudi publikoari jarraituz egingo da. Udalak azaldu duenez, esleipen hauen helburua ez da plaza berriak sortzea bakarrik, baita auzoko bizi-kalitatea hobetzea eta hiri-mugikortasuna modu eraginkorrean kudeatzea ere. 

Zozketan parte hartzeko, beharrezkoa da Eibarren erroldatuta egotea, ibilgailu bat izan edo enpresa-lagapen bidez edukitzea, eta zerga- eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea. Mugikortasun urriko plaza eskatzen dutenek, txartel ofiziala izan behar dute. Herria bi guneetan banatuko da eta lehentasuna hurbilen dagoen eremuan bizi direnei emango zaie. Modu berean, pertsona bakoitzak gehienez plaza bat lor dezake, “betiere ez badu beste jabetzarik A gunean”.

Eskabideak otsailaren 16tik martxoaren 31ra aurkeztu daitezke, udalaren webgunearen bidez, ziurtagiri digitalarekin edo aurrez aurre PEGORAn.