Eibarko Udalak irudi korporatibo berria eta horretara egokituta berritu duten webgunea aurkeztu ditu
Eibarko Udalak marka instituzional berriaren aurkezpen ofiziala egin du gaur goizean. Ekitaldian Jon Iraola alkatea eta Ana Telleria Gobernu Irekiaren zinegotzi ordezkaria egon dira, Identitate Bisual Korporatiboaren proiektu berria gauzatzeaz arduratu den AZK komunikazio eta publizitate agentziako Miren Barrenetxea, eta Udalaren webgunea birdiseinatu duen CodeSyntax enpresako Lur Ibargutxirekin batera. Azaldutakoaren arabera, irudi berrirako aukeratu duten proposamenak Eibarko armarri ofiziala hartzen du oinarri eta ardatz, eta armarriaren silueta erabiliz eta erdian San Andresen gurutzea jarriz, bi elementuen arteko uztarketa egiten da. Era berean, tipografia berriztu da, eta kolore korporatiboak eguneratu dira (urdina eta magenta). Logotipo berria “Eibar” markaren (Udala | Ayuntamiento barne) pean ageri da, eta eskuragarri dago bai formatu bertikalean bai horizontalean, hainbat formatu eta euskarritara egokitzeko. Identitate Bisual Korporatiboaren proiektu berria uztailera arte indarrean egon den marka-irudia (2004. urtekoa) eguneratzeko helburuarekin egin da, “hala, euskarri digital berrietara eta garai eta premia berrietara egokitu ahal izateko”.
Alkatearen berbetan, "bai marka nagusiak bai udal sail eta zerbitzuetako gainerako logotipoak sakon berrikusi ondoren, egokitu eta moldatu egin dira erakundearen irudi bakar eta koherentea eskaintzeko. Gure ustez, egokitzapen horiek aukera emango dute Udalak marka gisa dituen komunikazio-aukerak indartzeko, bai eta markaren eta erakundearen arteko identifikazioa sendotzeko ere. Marka-irudi berri bat da, Udala identifikatzeko balio duena eta hainbat ezaugarri betetzen dituena, hala nola ezagutzeko modukoa izatea, argia, erraza, profesionala, garaiekin bat datorrena, dinamikoa, inpaktu bisualekoa, koherentea eta eraginkorra komunikazioan".
Barne bozketaren ondoren aukeratutako proposamen nagusiaz gain, bigarren mailako markak sortu dira, Udalaren arlo, zerbitzu eta unitateetara egokituak. Marka horiek guztiak Identitate Bisual Korporatiboaren Eskuliburuan daude azalduta (eskuliburua Udalaren webgunean bertan dago eskuragarri). Liburuxka horretan, oinarrizko eta funtsezko alderdiak jasotzen dira
Udalaren webgunearen diseinu berria
Marka instituzional berria sortzearekin batera, azken hilabeteetan www.eibar.eus Udalaren web-orria birdiseinatu eta konfiguratzeko lanak ere egin dira, “edukien irisgarritasuna eta argitasuna errazteko eta erabiltzailearen esperientzia hobetzeko”. Ana Telleriak azaldu duenez, “Udalaren web-orriaren diseinu eta berregituraketa berri honekin, erabilgarritasuna eta irisgarritasuna erraztez gain, bisualki erakargarriagoa den espazio bat sortu dugu, eta modu argiago, ordenatuago eta errazagoan eskaintzen ditugu herritarrek egunerokoan gehien eskatzen dituzten atalak”.
Marka berria Udalbatzak 2024ko uztailaren 29an egindako ohiko bilkuran onartu zen, eta PSE-EE (8), Eibarko EH Bildu (4) eta Elkarrekin Podemos (1) udal taldeen aldeko botoak jaso zituen. Eibarko EAJ-PNV (5) taldea, berriz, abstenitu egin zen, “batetik, inork ez zigulako gure iritzia azaltzeko aukera eman, soilik inkesta bat, aurrez definitutako hainbat logoren artean aukeratzeko. Eta bestetik, iritzia emateko aukerarik izan bagenu, adieraziko genukeelako atzerapausua dela euskararentzat Eibarko Udala euskara hutsezko markatik Eibar Udala Ayuntamiento markara pasatzea”.