Eibarko Udalak, Juan San Martin Udal Liburutegiak eta Egoaizia GGKEak Asteklima 2024 saria jaso dute, bakoitzari dagokion kategorian
Urrian egin zen Asteklima Klimaren eta Energiaren Astearen esparruan, Eibarko Udalak, Ingurumen Sailaren bidez eta Ihoberen laguntzarekin, hainbat jarduera garatu zituen, herritarrak klima-aldaketaren aurrean konpromiso pertsonalak hartzearen garrantziaz sentsibilizatzeko, eta Asteklima sariarekin ahalegin hori aitortu nahi izan diote Udalari. Asteklima sarietako kategoria ezberdinetara 50 ekimen aurkeztu dituzte 28 erakundek, eta Eibarko Udalak 20.000 biztanletik gorako udalerrien kategoriako saria eraman du. Sariak banatzeko ekitaldia atzo egin zuten, Bilboko Bizkaia plazako auditorioan, eta Ana Telleria joan zen saria jasotzera.
Jon Iraola alkateak ekimen honen garrantzia azpimarratu du: “Herritar guztiak aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan inplikatzeko lanean dihardugu Udalean, denoi eragiten digun erronka bat da. Asteklimak esfortzuak batzeko aukera eman digu, eta harro nago tokiko gure erakundeek erakutsi duten konpromisoarengatik eta, bereziki, Udal Liburutegiak eta Egoaiziak aurten egin dituzten ekimenengatik”.
Udalarekin batera, Juan San Martin Liburutegiari ere saria eman diote, Asteklima interesgunearen proiektuagatik. Asteklimaren astean klima-aldaketari buruzko erakusketa tematikoa ipini zuen ikusgai Liburutegiak, eta haur zein helduentzat irakurketa-gidak prestatu zituen. Liburutegian ez ezik, gidak ikastetxeetan banatu zituzten eta, nahi izanez gero, Interneten eskuratu daitezke gidak. Haurrentzako gida jeisteko HEMEN sakatu eta Helduentzako gida jeisteko, berriz, HEMEN sakatu.
Eta GKE eta elkarteen kategorian, berriz, Eibarko Egoaizia GGKEari eman diote saria, Kontsumo arduratsu eta Ekologikoaren Azokarengatik.